Zortzigarren Tourrari ekitera noa, eta berezia izango da oso, azken bi urteetan ezin izan dudalako parte hartu. Zortzigarrena izan arren, beraz, berezitasun hori badauka. Niretzat beti izan da Tourra lasterketarik politena, eta hala da oraindik ere. Hemen gauzatuko da nire benetako itzulera, iazko 30 lehiaketa egunak eta aurtengo 40ak Tourra prestatzeko baliatu ditudalako. Zorionez, iritsi da eguna. Gogotsu nago.
Hamar euskal herritar gaude Tourreko tropelean: zortzi Euskaltel, RadioShack bat eta Movistar bat. Aspaldiko kopururik txikiena da. Ez nuke esango maila baxua daukagunik, gauza politak lortzeko moduan gaudelako. Etapa garaipena da hamarron helburua, eta espero dezagun euskaldunen batek bi eskuak altxatzea. Hiruko erregela erabiltzen dut nik, eta kantitatetik kalitatea ateratzen da beti. Euskaldun gehiago izan diren edo garen urteetan aukerak ere handiagoak izan dira. Baina, zoritxarrez, hamar bakarrik izango gara aurten, nahiz eta ez den kopuru txikia. Estatu gutxi dauzkagu gurea baino partaidetza handiagoarekin. Gaizki ohituta geunden, Tourrean betidanik eduki izan dugulako maila eta kopuru altua.
Lasterketari dagokionez, ez dut espero aparteko aldaketarik. Lehen astea oso urduria izango da, tentsio handikoa; erorketak, denbora galerak... Oso gogorra izango da, baina esprinterrena izango da protagonismoa. Tramite gisakoa izango da gainerakoentzat, ahalik eta kokapenik onena lortzen saiatu beharko dugun arren. Alpeak iritsiko dira bigarren astean, eta, beti esaten dugun moduan, guretzat hor hasiko da benetako Tourra. Marka da, baina 3.500 kilometrotik 1.500 tramitekoak direla esaten dugu beti. Etekina, berriz, Pirinioetan atera beharko diogu Tourrari.
Faboritoen inguruan nahiko argi daude gauzak. Niretzat Wiggins da indartsuena, nahiz eta Evansek ere merezi duen konfiantza, besteak beste hura izan zelako garaile iaz. Baina izugarrizko taldea dauka Skyk, eta haien alde egingo nuke apustu. Koska bat beherago kokatuko nituzke Samuel, Mentxov, Nibali, Basso, Scarponi... Garaipenerako borrokatik kanpo guztiak.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik
Debutaren parekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu