Lan asko. Krisia eta eraikuntza elkarri lotuta daude: krisian da eraikuntza. Etxegintza eta beste gintza gehienak estu dabiltza. Lanik ez dago. Futbolean ere badu lekua eraikuntzak. Taldeak eraiki egin behar izaten dira. Marcelo Bielsak hizpide hartu zuen lan hori larunbatean, Realaren aurkako derbiaren ondoren: «Berriz hasi behar dugu eraikitzen», esan zuen. Badute lana, zapatukoa ikusita. Realaren eraikinak ezberdinaren itxura hartu zuen egun berean. Ordura arte, denboraldi bete eta egungoaren hasieran, traza bat zuen, baina larunbatean, beste batekin azaldu zen. Osasunak herenegun jarri zuen lehen harria, eta badu zer jarri oraindik. Eskerrak futbolean, etxegintzan ez bezala, eraikitakoa desegin, osatu eta alda daitekeen. Hori du onetik, baina txarretik beste hau: lan asko egin behar izaten da, eta denbora askorik ez dute ematen kapatazek.
Etxea egitera. Komeni da Athleticen sasoiko jardunari begirada zabala ematea. Unean uneko kontuak baztertu, eta azterketa sakonagoa behar du. Lehen emaitza: joan zen sasoiko taldea eta egungoa ez dira bat bera. Javi Martinez ez dago, eta larunbatean ikusi zen zer zulo utzi duen atzealdean: ezin baloia ondo atera. Hortaz, azterketa guztiak hutsune hori kontuan hartuta egin behar dira. Hutsuneak hautsi egin du eraikitakoa, eta berriz hasi beharra dago. Ematen zuen hasiera eskasa gainditua zuela taldeak, baina larunbatean, atzera egin zuen berriz. Hor sartu behar da Bielsaren esana: «Berriz hasi behar dugu eraikitzen». Eta eraikuntzari falta zaio joan zen sasoiko beste zutabe handietako bat: Fernando Llorente. Hori ere kontuan hartu behar azterketa egiterakoan. Zuloekin segituz, Ander Herrera ere ez dago zelai erdian, eta ez da egongo minak sendatu arte. Hortaz, eraikitzen ari bada berriz ere taldea, ez da harritzekoa irregular aritzea. Larunbateko itxura txarra ezin dela horrekin azaldu? Ados. Baina gerta zitekeen, eta gertatu egin zen. Duela urtebete eskas, antzera ibili zen taldea, eta, gero, etxe sendoa eraiki zuten denen artean. Orain ere gauza bera egin beharko dute, baina ez joan zen denboraldiko jokalari guztiekin. Eta horrek baldintza dezake eraikuntzako lana.
Beste plano batzuekin. Realak ondo merezita irabazi zuen larunbateko derbia. Bigarren zatian, nagusi izan zen. Halako partidetan irabazten denean, eta nagusitasuna handia denean, bibak eta loriak oihartzun bizikoak izaten dira. Jokoa izan dena baino hobetzat jotzeko tentazioa handia izaten da, eta horretatik ere izan da bazterretan. Realak ondo egin zituen egin beharrekoak, neurketak eskatzen zuena egin zuen, eta hori ere ondo jokatzea da. Atentzioa honek eman du: Philippe Montanierrek bere betiko eredua ez ote zuen baztertu. Esaterako: Zubikaraik luze atera zuen ia beti, atzelariei jokoaren sorreran parte hartzeko aukera kenduz. Gero, beste partidetan baino gutxiago landu zuen jokoa taldeak, azkarrago aritu zen, zuzenago. Defentsako lanean ere, presioa besteetan baino oldarkorragoa izan zen, eta ez bakarrik baloia galdu eta berehalako unean. Aldaketak dira aurrekoarekin. Egun bateko kontua izan zen edo ez geroak zehaztuko du. Eraginkortasuna izan zuela agerikoa da. Montanier etxea eraikitzen dabil, eta orain arte, plano batzuk erabili ditu. Larunbatean, beste batzuk erakutsi zituen.
Aurreneko zutabea. Joan zen denboraldiko eraikina jauregi ikusgarria izan zen, baina itxuraz, material sendorik gabea. Azkar bota baitu haizeak lehen bost jardunaldietan. Orduko lan bikain hartan, Raul Garcia zen Nafarroako Erresumako lanen burua, eta orain ez dago. Jokalari bakarra da, bai, baina batzuetan, nahikoa izaten da bat ez egotea eraikin osoa hankaz gora joateko. Hala den edo ez, denboraldiaren amaieran aztertu beharko da. Bitartean, etxea egiten segitu beharra dago. Igandean hasi zen itxura hartzen eraikina. Ordura arte, ez zegoen ezer lur sailean. Langileak bai, lana ere bai, baina ez zen ezer ikusten. Orain, lehen zutabea jarrita dago. Kostatakoa izan da, baina eginda dago. Hori bai, zutabea baino ez da, eta ez du erakusten nolako etxea izango den denboraldi amaierakoa. Garaiz da ziurtasunak botatzen ibiltzeko, baina ez du ematen joan zen sasoikoaren luxurik izango duenik. Baina luxurik gabekoak ere etxe on askoak izaten dira.
Aulkitik begira
Eraikuntzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu