Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik

Eredu izan zarete!

Juanma Garate.
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Irabazi behar zuenak irabazi du etapa. Txirrindularitzari irabaztea komeni zitzaion txirrindulariak irabazi du Bilbon. Vuelta Bilbora iristen zela ikusita, euskal zaleentzat ere ez zegoen garaile egokiagorik. Are gehiago, zaleentzat nik irabaztea baino egokiagoa zen Antonek irabaztea. Nik, noski, nahiago nuen nik irabaztea. Baina Euskaltel-Euskadik lan zoragarria egin du. Inork ez zuen espero ihesaldia helmugara iritsiko zenik, baina ikusgarri aritu dira.

Zorionak benetan Gorka Verdugori, lan bikaina egin duelako. Eta zorionak euskal zaleei ere. Espainia guztiarentzat eredu izan dira. Eta ez Elorritxuetako gainean bakarrik, baita Bilboko kaleetan ere. Bilbon barrena egin ditugun kilometro horiek Tourrean Bartzelonara iritsi gineneko irudiak ekarri dizkidate gogora. Zale asko inguratu zen orduan ere, eta Bilbo ere ikusgarri zegoen, jendez lepo.

Antonek irabazi duenean, tropeleko azken taldetxoa Elorritxuetan gora zihoan artean, eta txirrindulari batek baino gehiagok esan dit inoiz ez zutela halakorik ikusi. Futbol zelai batean baleude bezala ospatu omen dute zaleek Antonen garaipena. Elastikoak kendu, mugitzen hasi... Harrigarria izan omen da. Chapeau eurengatik ere. Beti egongo da Vuelta Euskal Herrira etortzearekin kritiko dagoen jendea. Baina horiei ere eskerrak eman nahiko nizkieke, momentu bakar batean ere ez ditudalako ikusi lasterketari bizkarra emanda. Pankartekin zeuden, euren aldarrikapenak egiten ari ziren, baina lasterketari begira zeuden. Azken finean, horiei ere txirrindularitza gustatzen zaielako.

Hondarribian, esaterako, emakumezkoak onartzen dituen alardea kale nagusitik barrena igarotzen denean, gainerakoak bizkarra emanda jartzen dira, ez dutelako ikusi nahi izaten. Baina Vueltan ez da halakorik gertatu, protestan zeudenek ere txirrindularitza maite dutelako. Chapeau, benetan, guztiei!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.