Ez dizuet gezurrik esango, denbora pixka bat gutxiago galtzea espero nuen. Baina ez dut sentsazio txarrik eduki, eta gustura aritu naiz. Hilabete inguru daramat lehiatu gabe, Euskal Herriko Itzulitik hain justu, eta lehiaketako erritmo falta nabaritu dut. Besterik ez. Badakit ondo nagoela. Uste baino 15-20 segundo gehiago galdu ditudala? Bai. Agian, bai. Baina ez da ezer gertatzen; espero genuen lekuan gaude. Erlojupeko honek ez du ezer baldintzatuko.
Gainerakoan, Giroarekin lehen kontaktua izan dugu. Ez du ematen Giroan gaudenik, italiera gutxi entzuten delako Danimarkan. Baina martxan da lehiaketa, eta serio hasi dira denak lanean. Zale asko gerturatu da Herning ingurura. Errespetu handiko jendea da, eta ez dauka batere antzik italiarren kulturarekin. Pazientzia handiarekin itxoiten dute sinadura bat eskatzera gerturatuz gero; oso ondo hezita daude. Beste kontu bat izango da Italia aldera gerturatzen garenean.
Faboritoen arteko aldeei buruz zer iritzi daukadan? Sailkapena aztertuz gero, argi ikusten da orain egun gutxi lehiaketan ibili diren txirrindulariak ageri direla aurrean. Basso, esaterako, Romandian ibili da, eta lehiaketako erritmoa ematen du horrek; Beñat [Intxausti] bera Asturiasko Itzulia irabaztetik dator, eta sasoi puntu on hori baliatzen ari da; Purito-k [Joaquim Rodriguez] beste behin erakutsi du asko hobetu duela erlojupekoetan...
Hala ere, berezi samarra zen erlojupekoa, azken bost kilometroetan aurrez aurre geneukalako haizea. Eta horrelako saioak oso kaltegarriak dira Cunegoren gisako txirrindularientzat. Hala ere, oso zaila da hamar minutuko ahaleginaren ondoren balorazioak egiten hastea. Esprinterrak urruti samar geratu dira sailkapenean, baina horrek ez ditu baldintzatuko gaurko eta biharko etapak. Gutxi-asko, bazekiten bederatzi kilometroko saioan hogei segundotik gora galduko zutela.
Etapa urduriak izango dira hurrengo biak, eta kontuz ibili beharko dugu haizearekin, kilometro dezente egingo baititugu itsasertzean. Ez dut uste haize-babesik egongo denik, ez gaudelako Tourrean. Baina adi ibili beharko dugu tropeleko tentsioarekin. Giroa ez galtzea da hurrengo bi etapetako helburua. Guri dagokigunez, Theo Bosek etapa bat irabazteko aukera ona daukagu.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik
Erritmo kontua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu