Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik

Eta harbide hori?

Juanma Garate.
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Aze eguna izan dugun. Joaquim Rodriguezek begiz jota zuen etapa hau, eta hasieratik igarri da, Katuxak erritmo oso bizia ezarri baitu etapa guztian zehar. Eta bukatzeko, San Lorenzo de El Escorialgo azken aldapa. Ikaragarria, benetan. Angliruk ere ez du horrelako aldaparik, eta Huyko horma ere ez da hain gogorra. Aiakoa izan daiteke horren parekoa. Telebistaz gustura ikusten dira horrelakoak, baina han zaudenean... Gainera, ezustekoa hartu dugu, azken aldapan harbidea baitzegoen. Nondik atera da hori? Nire ibilbideko liburuan ez dator horrelakorik!

Ezustekoa izan ez dena Puritok [Joaquim Rodriguez] irabaztea izan da. Horrelako aldapak aproposak dira berarentzat, eta ederki baliatu du garaipena lortu, lider jarri eta aurkariekiko aldea egiteko. Egia esan, Katuxak oso lan ona egin du. Xehetasun bat: Etaparen amaieran Alberto Losada Katuxako txirrindulariarekin hitz egin dut, eta aitortu dit Purito etapa guztian aritu dela taldekideei presioa eginez, lan ona egin zezaten. Argi dago begi artean zuela etapa hau irabaztea. Aurkariekiko aldea egitea komeni zaio, asteleheneko erlojupekoan denbora dezente gal dezakeelako. Mentxov, Bruseghin eta Haimar [Haimar Zubeldia] ondo moldatzen dira erlojuaren aurka, eta sailkapenean ere ez dute oso urruti Purito. Erne Mentxovekin. Gaur [atzo] atzetik aurrera eginez igo du azken aldapa, eta zortzigarren postuan iritsi da helmugara. Horrek agerian uzten du ondo dagoela, eta Mentxov, ondo dagoenean, arriskutsua da.

Eta gu, zer moduz? Ba, penarekin, Oscar [Freire] erretiratu egin delako, gero eta zailagoa baitu Munduko Txapelketako zerrendan sartzea. Zorionez, Mollema ederki ari da, eta ondo ari da eskertzen taldeak eman dion konfiantza. Hirugarren izan da gaur [atzo], eta zortzigarren da sailkapen nagusian. Erlojupekoan, gainera, asko hobetu du. Aurretik, hala ere, biharko [gaurko] etapa dugu zain. Ziur Puritok erasoa joko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.