Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik

Galizia, Velosoren eskutik

Mikel Astarloza.
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Sarri aipatzen dut etapa hasierak gogorrak izaten direla, baina gaur [atzo] ez da hala izan, zorionez; lehen ihesaldia ontzat eman du tropelak, eta lasaitasun handiz egin ditugu estreinako ehun kilometroak. Kasualitatez, bi ordu eta erdi horietan, tropelean dagoen galiziar bakarrarekin hitz egiteko aukera izan dut: Gustavo Cesar Velosorekin. Luze eta zabal aritu gara.

Galiziako kontuak aipatu ditugu. Kosta inguruko errepideetan ibili gara, eta bertako gauzak kontatu dizkit. Interesgarriak. Xacobeo Galizia taldea izandakoaren inguruan ere hitz egin dugu. Euskaltel-Euskadiren antzera, proiektu politiko bat izan zen, BNGk eta sozialistek elkarrekin sortu zutena. Baina hauteskundeak iritsi eta popularrek irabazi zutenean, gauzak aldatu egin ziren, zoritxarrez. Politikariek erabaki omen zuten taldea desegitea, eta horren inguruan egin dugu berba gehienbat.

Valeri Karpin izan zen proiektu horren bultzatzaileetako bat, artean Celtako jokalaria zelako eta, enpresa eraikuntza bat zeukanez, politikariekin harreman estua zeukalako. Egia esanda, bi orduko elkarrizketa gustagarria egin zait. Prestige itsasontzia hondoratu zen inguruetan ibili gara, eta gustu handiz, Veloso jakintsuaren ondoan. Eduki nezakeen gidari turistikorik onena eduki dut, eta egunean jarri nau, bai Galiziako egoera politikoaz, kulturaz eta gastronomiaz.

Aitortu ere aitortu diot Galiziara bidaiatu dudan guztietan bizikletagatik izan dela, lasterketaren batean parte hartzeko, alegia. Baina zin egin diot lehenbailehen etorriko naizela oporretara, paraje polit hauez eta jende jatorraz gozatzera. Halako etapa lasai bat eskertzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.