Etapa bukatu, dutxatu, aldatu, zer edo zer jan, eta hementxe gaude, aireportuan, behingoz Italiara joateko hegazkinaren zain. Bezperakoa baino lasaixeagoa izan da etapa, guztiok Italiarako bidaia geneukalako buruan. Han hasiko da benetako Italiako Giroa. Gustura nago ni, ez daukadalako zauririk, eta ez naizelako erori. Baina hiru taldekide lurretik bueltan ibili dira jada: Bos, Van Winden eta Clement. Pena da, hasterako herrenka dabiltzalako. Clementen kasuan, gainera, erori eta eztarrian hartu zuen kolpea, beste txirrindulari baten gurpil batekin. Hitz egin ezinik egon zen gauean; ahotsa erabat aldatuta zeukan, eta minez dabil.
Baina nire taldekideak soilik erori ez diren seinale, irudi bitxi bat daukat oraintxe parez pare, gurpil aulkian daramatelako hegazkinera Taylor Phinney liderra. Kolpe handia hartu du esprintean, eta hortxe dago, gainerako txirrindularien erdian, gurpil aulkian. Egia esan, akats handia egin du Roberto Ferrarik. Bere esprinta bakarrik buruan zuela, bat-bateko mugimendua egin du eskuin aldera, eta gain-gainean zegoenez, hankaz gora joan da Cavendish. Ez da oso zuzena halako baieztapenak egitea, baina atzetik gertatzen denak esprinterrei bost axola izaten die gehienetan. Hori bai, ezin da halako mugimendurik egin. Esprintean, azken 200 metroetan, bide zuzenari eutsi behar zaio, eta Ferrarik ez du hala egin.
Gainerakoan, Giroa hasi aurretik ere esan nizuen lehiaketako erritmoa falta zitzaidala, eta gustura nago, bi etapa hauek primerakoak izan direlako niretzat. Gaur [atzo], jada, azken kilometroetan nabari nuen ondo nengoela. Hori bai, erritmoa hartzen hasterako iritsi da lehen atseden eguna, baina izerditu beharrekoa izango da eguna, arriskutsuak izaten direlako biharamunak. Taldekako erlojupekoa izango dugu etzi [bihar], eta entrenamendu serioa egin beharko dugu bihar [gaur], janaria ere ondo zainduz. Niretzat atseden egun bat gutxiago dauka Giroak.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik
Gurpil aulkian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu