Espainiako Vuelta Iruñean hasiko da, gaur, eta horrek zalaparta dezente sortu du. Nik beste ikuspuntu bat eman nahi nioke: Giroa Danimarkan hasi zen, Tourra Belgikan eta Vuelta Euskal Herrian. Denek ez dugu Euskal Herriaren inguruko ikuspuntu bera, baina aurtengo itzuli handien hasiera txirrindularitzaren globalizazioaren eredu garbia iruditzen zait, hirurak euren mugetatik kanpo hasiko baitira. Bilakaera hori zirkuitu osoan nabaritzen da, Kanadara, AEBetara... halako herrialdeetara gero eta gehiago goaz, dirua dagoen tokietara, eta itzuli handiak ere ordaintzen dutenen mugetan hasten dira.
Auzi ekonomikoaz gain, auzi politikoa ere badago hor, ez baita kasualitatea Nafarroako konkistaren 500. urteurrena bete den urtean Iruñetik hastea, eta gero Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba zeharkatzeak zer pentsatua eta zer esan asko eman du. Iritzi guztiak dira errespetagarriak, eta euskal txirrindulariak oso gustura ibiltzen gara Euskal Herrian. Horregatik, Euskaltel taldeari lotzen dagoen lurraldea zein den nabaritu dadila nahi nuke.
Lau urte dira ez dudala Vuelta jokatu, eta taldekideek esaten didate tarte horretan aldatu egin dela. Tentsioa igo egin dela diote. Denboraldi bukaerako puntuak oso garrantzitsuak dira hurrengo urteko World Tour liga osatuko duten taldeak zehazteko, eta, era berean, txirrindularientzat, kontratu luzapenak ziurtatzeko. Lehen, Tourrarekin alderatuta, lasterketa lasaia izaten zen, baina, orain, talde guztiek jartzen dute interesa, eta atzerritarrek ere serio hartzea asko nabaritu da tentsio igotze horretan.
Gaurko erlojupekoaz, ibilbide erraza dela nabarmendu nahi dut, eta eskertzen dela. Teknikoa baino gehiago, erabat fisikoa da, eta indarra garrantzitsua da. Horrek ez gaitu trantze onean jartzen, gure kideetatik bost 60 kiloz azpitik dabiltzalako, eta ez da egitura egokia. Baina, tira, Euskal Herrian beti onena ematen saiatzen gara, eta komeni zaigu Vuelta ondo hastea.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik
Halakoa da globalizazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu