Felipe Eizagirre.
Arraun-minez

Harribitxiak eta perlak

2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Bada ezaugarri bat San Miguel ligaren bilakaera baldintzatzen ari dena. Haren araudiak derrigortzen du ontzian doazenetatik gutxienez hiruk —iaz bik— harrobikoak—taldean bertan hasitakoak— izan behar dutela. Gainera, harrobikoen eta berezkoen artean traineru erdia, behintzat, osatu behar dute. Berezkoa beste talde batetik etorritakoa eta bertan hiru urte osatu dituena da. Ez dago irizpide sendorik lege hori zilegi den ala ez erabakitzeko, baina gehienok nahiago izaten dugu herriko taldean bertako jendea ikusi; eta TKE ere, gutxieneko batzuetara arte behintzat, bide horretatik doa.

Lege horrek batzuei ez die zipitzik erasaten; galanki besteei. San Miguel ligako lehenengo seien artean, gipuzkoarrak eta galiziarrak dira halako buruhausterik izaten ez dutenak. Larunbatean, Pasaiako bi ontziek, harrobikoz josita, estropada itzelak egin zituzten. Igandean, harrobiko zazpirekin eta sei berezkorekin jo zuten zeruko atea Moañakoek. Kortak eta Etxabek, berriz, kontuak egiten ibili beharko zuten Bizkaiko bi ontziak osatzean, eta hori uretan igarri egiten da. Harrobiko nahikoak eta onak izatea da zaila; eta hori da hemen gakoa.

Harrobikoak harribitxi, ezaugarriak bertute bihurtu dituztenak hondarribiarrak dira; eta bi txanda zoragarrirekin, bi perla oparitu dizkigute. Larunbatekoak txandako hiru indartsuenen egoeraren metafora zirudien; txandan bezala, liga hasieran ere, Bizkaiko bietatik zein gailenduko zain baikeunden gehienok, erdi ezkututik, ia oharkabean, bidasoarrak azaldu diren arte. Guk ezkutatu ditugu; beraiek errebelatu dira. Igandean Zarautzen izan nintzen, eta oraindik pastel aurpegia gainetik kendu ezinda nabil. Hori gozatua!

Beste perla Euskotren ligaren bigarren jardunaldia izan da. Lau sailkatuak lau segundotan sartzeak zirraraz betetako liga bat iragartzen digu. Gero eta talde gehiago ari dira gero eta segundo gutxiagotan sartzen, eta hori, lehiari eta gozamenari begira ez ezik, emakumezkoen arrauna egonkortzeari begira ere izango da hoberako. Ea parekotasun hori ere metafora bihurtuz arrauna gero eta berdintasun sanoagoz bizitzen jarraitzen dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.