Azkenean iritsi da Vueltako etapa laua. Hala ere, laua izan dela esatea asko esatea da, Galizian errepide lau gutxi baitago. Hori bai: azkenean, espero zena gertatu da, eta esprintean erabaki da etapa garaipena. Sagan izan da azkarrena azken metroetan, kontuan hartuz bere taldeak ez duela ezertxo ere egin sari hori jasotzeko. Leopardek, ordea, oso lan ona egin du etapa guztian, maldaren bat zegoenean erritmo bizia jarrita. Hori eginez, Kittel utzi nahi zuten lehiatik kanpo, eta azkenean lortu dute, itota iritsi baita azken metroetara. Lastima Leopardek ez duela ereindakoaren uzta jaso.
Guri dagokigunez, egun oso ona izan da, atzo [herenegun] lortu ziren baino alde handiagoa lortu baititugu. Hasteko, oso ondo prestatu diogu lehen tarteko esprinta Baukeri [Mollema], eta ez du huts egin. Sei segundoko gainsaria lortu du. Horri, gainera, etaparen amaieran lehen tropelean sartuta lortu dituen bost segundoak gehitu behar zaizkio. 11 segundo guztira, eta podiuma gero eta gertuago. Egia esan, taldean harrituta gaude egiten ari den lanarekin. Oso ondo ikusten zaio, sasoiz eta indarrez gainezka. Berrito diot: erne berarekin. Hurrengo hiru etapetan zeresana emango du. Biharkoan [gaurkoan] ez dut uste faboritoen artean alde handiak egongo denik, baina asteburuko bietan egongo dira aldeak. Eta, horri begira, indartsu dago Bauke. Asteburuko bi etapetan igoko diren maldak, gainera, aproposak dira berarentzat, desnibel handikoakbaitira.
Eta ni, zer moduz? Beno, Vueltara iritsi aurretik urtebete neraman gurpil bat zulatu gabe, eta dagoeneko bitan zulatu dut gurpila. Azkena gaur [atzo] izan da, hamargarren kilometroan. Mekanikoak azkar konpondu dit zulatua, baina gero ez da ondo heldu gurpila; tropelari segika nenbilenean mugitu egin zait, eta gelditu behar izan dut. Hori bai, taldeko inor ez da horretaz jabetu, eta hor egon behar izan dut oihuka, atzean, bazter batean nintzela esanez.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik
Hemen nago, demontre!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu