Andoni Urbistondo.
Zonakako defentsa

Hotzetik epelera

2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Eguraldiaren erritmoan.Epeltzen hasi da Euskal Herrian, eta, epeltzearekin bat, euskal taldeen dinamika bikaina apurtu. Ez al du segidarik izango Kopan, negua nabarmen samurtuko delako aste buru aldera. Gescrapek eutsi dio bero-bero, eta astindu handia eman Manresari. Astinduz astindu ari da, eta seigarrenez irabazi du jarraian. Seigarren postuan kokatu dituen garaipen ona, hain zuzen ere. Jokoan bero-bero, lanean eta harmailetan hotz, Miribillan berogailuarekin merkezurrean baitabiltza. Lagun Aro ere epel samar aritu zen Valentzian. Freskotasuna galdu dute gipuzkoarrek azken bi asteetan, besteak beste, hotzaldiak Pankoren indarra mugatu duelako sukarraren ondorioz. Caja Laboralekin ohituagoak gaude gorabeheretara. Abisua serioa zen. Obradoirok Malagan irabazi zuen; baina, halere, ezin. Atsedenaldian hamar punturen aldea izan arren. Teletovicek azken unean hiruko ikusgarria saskiratu arren.

Atsedena, une txarrean. Gescrapek hartu beharko duena. Orain sasoi bikainean dagoelako. Erratzeko beldurrik gabe, ligako talde indartsuena da orain, baina hori lortzeko mila komeria pasatu ditu, eta ez da Kopan egongo. Gaitzerdi, halere, bizi-bizirik baitako ligan, eta Euroligan. Dena ezin lortu, eta daukana ez da gutxi. Gauza on asko Manresaren aurkakoan. Hamabost minutu pattal, eta beste 25, apartak. Defentsan estutu, korrika egin eta trantsizioan apurtu. Horri hiruko jaurtiketetan portzentaje txukuna gehitu, eta iritsezin bilakatzen da Fotis Katsikarisen taldea. Nabarmentzekoa Blumsen lana, %71 hirukoetan (zazpitik bost), ia hilabete kantxetatik at pasata ere. Manresak sartutako puntu kopurua ere, adierazgarria: 60, azken asteetan 80 puntutik gora zebilenean. Jokoa eta emaitzekin zerikusirik ez duen ñabardura, bizkaitarrekin bukatzeko. Hamabi graduko tenperaturarekin aritu dira lanean Miribillan. Igande arratsaldean, Bizkaia frontoian ere hotz omen zegoen, eta Iñaki Azkuna alkateak, txantxetan, murrizketek denei eragiten dietela, eta berak ere hotza pasatzen duela bere bulegoan. Aho bete hortz geratzeko moduko erantzuna.

Trakets. Freskotasuna, abiadura, joko alaia galdu du Lagun Arok. Valladoliden aurka ikusi zen saskiratzeko ohi baino arazo gehiago zituela, eta Valentziaren aurkakoak gabezia hori baieztatu du. Esanguratsua izan zen Panko hasierako bostekotik at geratu izana, aste osoan sukarrarekin kili-kolo ibilita. Jokatu, jokatu zuen, baina ez zuen aurpegi on-ona. Baron ere pattal aritu zen, eta, horri errebotean emandako erraztasunak gehituz gero, akabo. Lastima, Lagun Aro Valentzia baino gehiago delako gaur-gaurkoz, eta bigarren laurdenean partida hausteko aukera franko harrikara bota zituelako: «Garrantzitsuena denok, nik, jokalariek, kazetariek eta zaleek, Valentzia baino talde hobea garela pentsatzea da. Galduta ere sentipen hori daukat, eta sentipenek ere talde bati hazten laguntzen diote». Sito Alonsok esana. Entzun eta isilik geratu. Eta berriro entzun: «Porrotak ez du eraginik izango Kopan. Guk galdu dugu partida, haiek irabazi baino gehiago, eta horrek ez du hainbeste minik eragiten».

Ikasi nahi ez. Esan eta esan ari gara, Baskonia ez dagoela ondo, eta jardunaldiz jardunaldi, baieztatu egiten da hori. Obradoiroren aurka luzapena behartu zuen, baina merezi gabe, hamaikagarrenez hiruko jaurtiketen baitan jokatu zutelako arabarrek. Asmatu zutenean, 28-38 aurretik. Asmatu ez zutenean, beste alternatibarik ez jokoan, eta den-dena Teletovic eta San Emeterioren inspirazioaren baitan utzi. Eta jakina, ez dira supergizonak. Dusko Ivanovicentzat ere bere errazioa, azken hamar minutuetan aulkian eduki zituelako Milko Bjelica eta Golubovic, taldeko pibot petoenak. Teletovic eta Nemanja Bjelicaren alde egin zuen, baina bi horiek ez dute piperrik defenditzen. Bost falta egin zituzten luzapenean, eta puntu bateko hamar jaurtiketa oparitu. Ulertezina Bjelicak Hopkinsi egindako azkena. Noiz arte horrela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.