Andoni Urbistondo.
Zonakako defentsa

Izan zirelako dira

2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Gozatu eta ekin. Laugarren, eta igotzen. Hirugarren, eta sendo. 11., eta zalantza askorekin. Halatsu daude hiru euskal taldeak. Beste astebetez, Lagun Arok erakarri du beretzat arretarik handiena, bere historia laburreko posturik onenean baitago. Umiltasuna eskatu eta eskatu ari da Sito Alonso entrenatzailea, pausoa ez galtzeko: «Duela hiru hilabete zuloan geunden. Jarrai dezagun lanean», esan zuen Malagan. Baskoniak ere hiru irabazi ditu jarraian, baina azken biak itxuroso jokatuta. Gescrap, aldiz, kontrako bidea egiten ari da: hirugarren porrota jarraian, eta zortzi onenen trena ihes egiten ari zaio. Hiru taldeen bilakaeran izen batzuk, besteen gainetik: Sergi Vidal, Maciej Lampe eta Alex Mumbru. Vidalek bizkar gainean hartu du Lagun Aro, eta denetarik egiten du; ia dena ondo, gainera: korrika egin, bikoak, hirukoak, erreboteak, gidaritza... Lampe iritsi berria da, eta Gasteizko izaera berezia barneratzeko denbora beharko du, baina Prigioni eta Teletovic alboan baditu, azkar ikusiko du. Bizkaian, Mumbru da taldeko nagusia, artaldeko artzaina, baina ardiak galdu samar dabiltza azkenaldian. Izan zirelako dira, dena den, eta bueltatuko dira.

Itzali eta berrekin. 13tik 11. Lau jarraian. Laugarren postua. Unicajari irabazita Malagan. Baskonia, Alacant eta Real Madril, martxoko menua, eta beldurrik ez. Errespetua eta umiltasuna, munduko guztia eta gehiago, baina beldurrik ez. Dena ondo ateratzen zaio Lagun Arori, eta halako egoerak muturreraino baliatu behar dira. Dena kontra zuenean dena gaizki ateratzen zen moduan, buelta eman diote egoerari. Arnasa hartu zuten 0-4koarekin, 2-8koarekin, eta orain egurrean jarraitu nahi dute, zortzi onenen artean sartzeko. 13 irabazita. 17-18 behar dira, eta 11 partida falta dira liga erregularra bukatzeko. Zaila izango da aldaretik jaistea, Vidalek bultzatzen duelako; Pankok eta Baronek korapiloak askatzen dituztelako, aurkariak estutzen duenean; Salgadok ilunari argia ematen diolako, Doblasek denek nahi dituzten erreboteak bereganatzen dituelako, Netok inork bukatu nahi ez dituen jokaldiak bukatzen dituelako, Lorantek eta Bettsek lan zikina egiten dutelako, eta Papamakariosek aurkariaren izarra kamusten duelako. Denak Sito Alonsoren esanetara. Talde bat.

Pauso txikiak. Ondo irabazi zuen Valentzian Baskoniak, eta ondo irabazi zion herenegun CAI Zaragozari Gasteizen. Nahikoa lorpen ote talde handi batentzat? Bai eta ez. Behe-behetik baitator Caja Laboral, gauzak ondo egin gabe sasoiko lehen erdian: Euroligatik kanpo, Kopan ere finalerdietan etxera... Exijentzia langa handia da, eta, errespetuz, Valentzia eta CAI eroso makurrarazi behar dituen taldeak dira Baskoniarentzat. Ondo eraman zuen norgehiagoka, baina azken laurdenean lasaitu egin zen, eta 59-57 hurbildu zen CAI, Hettsheimeirren hiruko baten ostean. Lan ona egin zuen brasildarrak, laster bere etxea izan daitekeen kantxara bertaratu ziren zaleen aurrean. Bracey Wright taldekidearen lekukoa hartu zuen pibotak, baina galdera agerikoa da: asko aldatuko al zen partida estatubatuarra kantxan egon izan balitz? Erantzuna: bai. Txaloak Maciej Lamperentzat, azken laurdenean baloia eskatu eta 13 puntu saskiratu baitzituen. Dena irabazten jarraitu beharra dago. Bai Real Madril Gasteizera etorri bitartean, behintzat. Apirilaren 9an izango da.

Biharamuna. Eta gogorra. Euroligako arrakastaren osteko parranda gainditu ezinik dabil Gescrap oraindik. Murtziako porrota etorri zen aurrena, Montepaschi menderatuta. Unicaja izan zen hurrena, eta Bartzelonaren aurkako kolpea etxean. Herenegun Badalonan, hirugarrena. Bi gertatzen badira, hirugarrena ere etorriko dela baitio esaera zaharrak. Badalonan tentsiorik gabe, gogogabetuta balego bezala kantxaratu zen Bizkaia, eta azkar etsi zuen. Eta etsitzea gauza txarra da, beti ezingo delako erabili Euroligako kontsolamendua. Angulak onak dira, baina noizbehinka angulak jateko, gogotik lan egin behar da aurretik. Eta Bizkaia besoak jaitsita dabil azken asteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.