Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik

Izorratuta nago

Juanma Garate.
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Hau da hau marka! Mendia noiz iritsiko zain egon naiz orain arte, eta Alpeak heldu direnean gaixotu egin naiz. Izorratuta nago. Eztarria hartuta daukat, hitz egitea ere kosta egiten zait, eta arnasa hartzea, zer esanik ez. Gaurko etapa [atzokoa] nahiko lasaia izan da. Kazetariek gustuko dute trantsizioko etapa esamoldea, eta gaurkoa [atzokoa] halakoxea izan da. Egia esan, eskertzen da. Iheslariek mesede egin digute, tropela lasai antzean ibili baita azken txanpara arte. Hori bai, azken hamar kilometroetan sufritu egin dut. Erritmoa bizitu da, eta kosta egin zait jarraitzea.

Nire ondoeza da horren arrazoi nagusia. Antibiotikoa hartzen hasi naiz, eta jakina da horrek indarrak kentzen dituela. Jateko ere min ematen dit eztarriak, eta horrela ez da erraza nor bere etortzea. Gauean lo ongi egin eta bihar [gaur] hobeto esnatzea espero dut. Hala ere, itzuli handietan oso denbora gutxi izaten dugu suspertze lana egiteko. Goizeko zazpietan altxatzen gara ohetik, eta bederatzietarako martxan ipintzen gara. Beldur apur bat ematen dit mendiari aurre egiteak, baina tira. Profesionalak gara, eta ez dago besterik.

Deskuiduan ongi baldin banago, ez dut bi aldiz pentsatuko erasoa jotzea. Ume baten ilusioarekin etorri naiz Italiara, eta ez dut esku-hutsik itzuli nahi. Taldekideak indartsu daude, eta esan didate ahal duten neurrian lagunduko didatela. Nire gainetik, dena den, faborito asko daude. Horien txanda izango da aurrerantzean. Iruditzen zait etapa politak ikusiko ditugula, eta ea euskal txirrindulariok lan ona egiten dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.