Sekula ez dut dopinaren inguruko adierazpenik egin zutabe honetan. Batetik, ez zaidalako gustatzen eta, bestetik, ematen dioten gehiegizko oihartzunari beste ur tanta bat ez eranstearren. Horregatik saiatzen naiz aipamenik ez egiten ateratzen diren zurrumurru guztiei. Baina oraingoan asko amorratu naute Tourretik iritsi zaizkidan berriek, eta horren inguruan hitz egin nahiko nuke.
Dopinaren aurkako sarekada baten ondorioz Di Gregorio txirrindularia atxilotu egin dute. Informaziorik eduki gabe eta erruduna edo errugabea den jakin gabe, horretaz guztiaz haratago joan nahi nuke. Alegia, nire hausnarketa egingo dut. Kontua da Tourra iristen den bakoitzean halako iskanbila bat sortzen dela. Aurten, Tourra hasi baino bizpahiru egun lehenago, Lance Armstrongen afera kaleratu zuten hainbat kazetarik. Afera hori orain hamar urte eginiko ikerketa bati buruzkoa da. Ikerketa horrek orain dela bi urteko epaiketa baten informazioa kaleratzen zuen. Eta bitxia da. Epaiketa hori hasi eta handik bi urtera zer eta prentsan ateratzea, noiz eta Tourra hasi aurretxoan.
Eta, Di Gregorioren kasuan ere, nire galdera hori da: kasualitatea al da Tourreko lehen atseden egunean sarekada hori publiko egitea? Zergatik orain? Nik, behintzat, kasualitateetan ez dut sinesten. Badaezpada, sarekada ez da otsailean edo azaroan gertatu. Hausnartzeko kontua iruditzen zait, eta berriro diot, erruduna edo errugabea den jakin gabe. Frantziako Tourra zirku mediatikoa da, dirutza irabazten duen jende asko dago tartean, eta, zoritxarrez, dirutza hori irabazten duena ez da txirrindularia, kasu gehienetan bederen. Esango nuke ziklista gehienok lanean jarraitu beharko dutela txirrindularitza uztean bizi ahal izateko. Bestelako negozio paraleloak dituztenak aberasten dira, eta izozmendiaren punta Tourra da.
Argi dago dopinaren aurka gogor egin beharra dagoela, goitik hasita, azken finean produktu horiek sortzen dituzten enpresek produktuen erabilera mugatu behar luketeelako. Horren aurka borroka egin behar da, kontuan hartuta dopina beti egon dela eta beti egongo dela. Ahalik eta murritzena izaten saiatu behar dira. Zigorrak handitu egin behar dira, baina betiere ziklista erruduna dela ziurtatuta, egungoa ez baita sistema fidagarria. Zirku horretan kaltetuak beti berdinak izaten dira, baita patrikak betetzen dituztenak ere.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik
Kasualitatea izan al da sarekada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu