Jakinekoa. Partida bateko emaitza ezin da jakin lehia amaitu arte. Asmatu edo ez, bai, baina jakin, ez. Baina noizean behin, hainbat arrazoi tarteko, izaten da asmatzeko ziurtasuna. Eta joan zen asteburuari begira, gure hiru taldeen emaitzak aldez aurretik asmatzen hasita, zale askok bete-betean jo zuten. Jakin ezin zen jakin, baina jakinekoak izan zitezkeen hirurak.
Itxaropen giroa. Halaxe dago Realaren ingurua. Taldeak gauza onak egin ditzakeela sinetsita dago. Fitxaketa onak egin direla iruditzen zaio, eta joan zen denboraldian hasi ziren jokalariak hazi egingo diren uste sendoa du. Baikortasuna alderik alde. Aldarte horretan joan zen zalea Anoetara larunbatean, eta barren-barrenean, irribarretsu itzuliko zen ziurtasuna zeukan. Bai asmatu ere! Zaleak uste duena, zaleari barruko indar hori ematen diona taldeak ere barneratua duela ematen du. Konfiantzarekin ari da. Indartsu. Celtak gola sartu arren, emaitza iraultzeko gai izan zen, eta ez edozein moduz. Esan nahi da, jokalariek ez zuten burua galdu, jakinaren gainean baleude bezala pazientziarekin eta betiko jokoarekin irabazi egingo zutela. Bide egoki horretan sartuta, bi gol sartu zituzten, eta itxuraz, neke handirik gabe, zailtasun askorik gabe. Hiru puntuek sendotu egin dute taldearen inguruan dagoen ustea, eta pozik dago zalea, pozik jokalariak. Asko esatea izango da, baina denen baitan zegoen Celtari irabazi egingo zitzaiola.
Pentsatu bezala. Osasunak Bartzelonaren aurka galdu egingo zuela asmatuta, ez zen jende asko aberastuko. Jakinekoa zen. Galtzeko modua nolakoa izango zen, hor zalantza gehiago zeuden. Baina askoren baitan zen uste hau: lanak izango zituzten Messik eta beste artistek. Halaxe izan zen. Gutxi behar izan zuten burua hanken parean itzultzeko Bartzelonara. Ordu laurden falta zela, galtzen zihoan jokalari trebeenen orkestra. Izerdia kopetan behera. Estu. Osasunak hortzak erakutsi zizkien, koska egin ere bai, eta gutxi falta izan zitzaion txikizio handiagoa eragiteko. Baina aurreko asteko pobreen kanta berriz ere ezpainetan: itxura bikaina bai, baina gola sartzeko orduan, kamuts. Sartu izan balituzte... Hori gerta zitekeela ere jakitun zen zalea. Askok pentsatu bezala joan zen neurketa. Asmatu zuten, eta, zoritxarrez, Messik eta besteek ere horixe egin zuten: asmatu.
Iragarrita zegoen. Athleticen inguruan ez dira etsitzen errazak. Beti daude aldarte onean, baikor. Ziurrenik, astelehen gaueko partidari ere itxaropentsu begiratuko zioten. Baina kontrako muturrean zirenak ere bazeuden. Zentimo erdirik ez zuten ematen taldearen fabore. Arrazoiak, bat baino gehiago: taldearen inguruan dabilen haize txarra, Betisen aurkako partidaren emaitza okerra, eta aurkariaren maila, Falcao aurrelari zitala buru. Horiek denak lapiko batean sartu zituen zaleak ez zuen ondo afalduko herenegun gauean, partidaren atarian. Gosea kentzeko modukoa. Eta gero, neurketa hasi orduko eta aurrera zihoan bezala, usterik txarrenak baieztatu baino ez zitzaizkion egingo. Taldea, apal, ilun, triste, indarge eta motel; eta aurkaria, beste muturrean: harro, argi, alai, indartsu eta bizi. Emaitzak ez du gezurrik esaten, benetakoa da. Bi taldeen arteko aldea halakoa izan baitzen zelaian. Gaur-gaurkoz, hori da errealitatea, eta onartu besterik ez dago.
Datorren asteburukoaz. Hurrengo asteartean tokatzen da larunbat-igandekoaz jardutea, baina kiniela eta iragarpenez aritu garenez hemen goian, joko zaleentzat iradokizun batzuk ematera goaz. Goian aztertu ditugu hiru partiden aldez aurreko kontuak eta irudipenak. Gauza bera egiten bada datorrenari begira, ez da hain erraz asmatzekoa. Beti ez baita hala izaten. Realaren kasuan, Mallorca ez da Celta, eta lanak izango ditu hiru puntuak ateratzen, baikortasunak baikortasun. Valladolid ez da Atletico, eta San Mamesen jokatzeak ere asko aldatzen du gauza. Hiru puntuak ez dira joango. Osasunak Celtaren zelaian jokatuko du, eta hor edozer gerta daiteke.
Aulkitik begira
Kinieletan, bingo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu