Kritika egin nahi diot gaur Espainiako Vueltari. Arratsaldeko zortzietan autoan sartuta gaude, oraindik dutxatu gabe eta hotelera iristeko zain. Egoera honek sutan jarri nau. Egia da Vueltak gauza onak badituela. Etapak Tourrean baino laburragoak dira, eta ibilbidearekin asmatu dute, egunero ikuskizuna baitago. Baina, horrekin asmatu duten bezala, beste aldaketa batzuekin ez dute asmatu; bidaiekin, bereziki. Aspaldian ari gara tropelean kontu kontari, inoiz baino bidaia luzeagoak ari garela egiten, bai irteerara joateko, bai bukatu ondoren. Eta gaurkoa [atzokoa], zehazki, astakeria izan da.
Oso etapa gogorra izan dugu, eta helmuga zegoen gainera ezin izan dira autobusak igo, tokirik ez baitzegoen. Beraz, iritsi garenean, arropaz aldatu, dutxatu gabe autoan sartu, eta berrehun kilometro pasatxoko bidaia dugu hoteleraino. Hotelean masajea jasotzen egon beharrean, autoan sartuta gaude. Horrek errekuperazioa mozten du, eta Vuelta are gehiago gogortzen du. Hotelera iristean, ordutegia hankaz gora izango dugu. Masajea laburragoa izango da, berandu afalduko dugu eta berandu oheratuko gara. Eta bihar oso etapa garrantzitsua dugu, gainera. Hortaz, ez dut uste antolatzaileek etapak ondo lotu dituztenik. Argi dago hiru asteko itzuli bat jostea ez dela erraza, baina bidaiak inoiz baino deserosoagoak ari dira izaten Vuelta honetan.
Barrea eragin dit Vueltak lehenengo sei sailkatuei helikopteroa jarri izanak helmugatik hotelera joateko. Sei indartsuenak izango dira neke gutxien izango dutenak hurrengo etapan. Ziur haiek baino gehiago behar zutela helikopteroa azkeneko seiek.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik
Lehen seiak, helikopteroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu