Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Guadalupetik

'Mila esker,' epaile jaunak

Juanma Garate.
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Aurrenekoa baino etapa lasaiagoa izan da gaurkoa [atzokoa]. Etapa hasi eta berehala, bost txirrindularik eguneko ihesaldia osatu dute, eta horri esker, ez gara abiadura bizi-bizian joan. Gainera, zenbait unetan kontra izan dugu haizea. Azkenean, espero zen bezala, esprintean erabaki da garaipena. Cavendish zen faboritoa, baina bere taldeak azkarregi nahi izan du dena egin, eta gero larrutik ordaindu du, Farrarrentzat izan baita garaipena. Polita izan da ikustea nola eskaini dion garaipena Wouter Weylandti. Ni neu ere hunkitu egin naiz, Weylandt taldekide izan nuelako Quick-Stepen, eta hari Giroan gertatutakoa oraindik oso fresko baitut.

Gauza bakar batek eragotzi dit egun ona izatea, atzoko [herenegungo] taldekako erlojupekoan gertatutakoak. Ez naiz emaitzaz mintzatuko, erlojupekoari ekin baino lehenago gertatutakoaz baizik. UCIko epaileek bizikleta guztiak neurtu zituzten etapa hasi aurretik. Gure taldekoekin ere beste horrenbeste egin zuten lanean hasi baino ordubete lehenago. Baina hara non etorri zen epaile bat nigana pedalei eragiten hasi baino hiru minutu eskas lehenago, eserlekua horizontalean, lurrarekin paraleloan jarri behar nuela esanez. Eta obeditu behar, bestela laster jartzen dizute isuna. Ez da normala, bi urte daramatzat bizikleta horrekin erlojupekoetan lehiatzen, eta inoiz ez didate ezer esan. Pentsatu Fernando Alonso irtetear dela, eta bat-batean epaile bat joaten zaiola esanez bolantea gaizki dagoela. Nire kasuan, postura aldaketak izan zuen ondoriorik, eta ez nolanahikoa: odola bota nuen txiza egitean. Mila esker bai, epaile jaunak.

Espero dut biharko [gaurko] hobeto egotea, egun mugitua izango baitugu, etapa bi kilometro eskaseko mendate gogor batean bukatzen baita. Gilbert lehen egunean bezala arituz gero, ahaztu daitezela denak. Ez dago hura gaindituko duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.