Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Miraria

2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Adierazpen mamitsuak. Bereziak izan ziren joan zen asteko bi agerraldi. Prentsaren aurrekoez ari naiz. Ostiralean izan zirela uste dut, eta gehienetan, entrenatzaileek hitz egiten dute egun horretan. Halaxe dira, bai, berezitasun hori eman dioten bi hizlariak. Gureak, gainera. Marcelo Bielsa eta Jose Luis Mendilibar. Bi horiek nahikoa ez, eta gure hirugarrenak ere esan ditu esan ohi ez direnak. Baina Philippe Montanierri Frantzia aldean argitaratu dizkiote hitzak. Elkarrizketa batean eginak dira.

Umil. Bielsarekin hasiko naiz. Urrea emango nuke argentinarrarekin solasean lasai aritzeagatik. Baina ezingo dut. Urrerik ez daukat, eta berak ez du elkarrizketarik ematen. Astean bitan prentsaren aurrean azaltzen denean esaten dituenekin konformatu beharko. Eta ia beti, konforme geratzen naiz, gauzak esan zalea delako. Argi hitz egiten duela iruditzen zait. Halaxe egin zuen lehengoan. Honela galdetu zioten: «Zer iruditzen zaizu zure taldeko hainbeste jokalari selekzioetara joatea?». To erantzuna: «Ona da selekzioetara doazen jokalarientzat, eta taldekideentzat ere bai, haiek gabe ez direlako ezer besteak. Eta aurreko entrenatzaileak, Caparrosek, nolako lan ona egin zuen erakusten du». Azkeneko esaldi horrek eman zidan atentzioa. Ez da izaten ohikoa entrenatzaile batek aurrekoaren lana goraipatzea. Kontrakoa sarriagotan gertatzen da: ez goraipatzea, isilik geratzea eta emaitza onen eragina norberarena dela sinetsaraztea guztiei.

Txistularien alde. Mendilibarren txanda orain. Jakina da argi eta garbi hitz egiten duela. Horixe egin zuen Granadaren partidaren aurretik. Hauxe esandakoa: «Etxeko partidetan buru-belarri aritzen gara, hasieratik, baina kanpoan gehiago kostatzen zaigu. Dena dela, igandean, Granadaren aurka, ez bagara behar bezala aritzen, egin diezagutela txistu zaleek. Horretarako ere badaude eta». Inoizentzun gabea nintzen halakorik. Txistulariek ordaindu egiten dutela eta arrazoia daukatela, hori mila bider entzun dut; baina txistua jotzeko eskatzea berria da niretzat. Jokalariei azaltzen badie txistuak horregatik joko dizkietela zaleek, jokalariak lasaitzeko baliabidetxarra ez da. Normalean, jokalaria urduri jartzen da bere etxean babesten ez dutenean, baina Mendilibarri ez zaio axola, nonbait, babes falta. Azalpena jarri die aurretik. Denak dauka alderdi ona, ezta?

Gordetakoa atera. Montanier, bukatzeko. Joan zen astean, Frantziatik etorri zen notizia. Realeko entrenatzaileak ezohiko zerbait esan zuen elkarrizketa batean. Zer esango, eta kazetarien aurkako adierazpenak. Normalean, zuzena izaten da frantziarra, ez du zalapartarik eragiten. Baina oraingoan ez zituen gustura utziko kazetari batzuk; «egunero Realari buruz lauzpabost orrialde idatzi behar dituztenak», haren hitzak erabiliz. Horientzat izan ziren kritika txarrak. Kontu honen jatorria aurreko urtearen amaiera aldera ikusi behar da. Orduan, larri zen Reala, eta zer esanik ez, Montanier bera. Lanik gabe geratzeko arrisku bizian egon zen, eta epelak eta bi esan eta idatzi ziren haren lanaren kontra hedabide askotan. Nonbait, orduko kritika haiek barrenean dauzka gordeta, eta joan zen asteko elkarrizketan atera ditu barrutik. Kritika haiek funtsik gabeak zirela esan nahi izan du: «Hainbeste orrialde idatzi behar dituztenez, zerbaitekin bete behar». Bistan da Frantziakoak ez dituela gogoko zenbait kazetariren iritziak, eta agerikoa da, era berean, kazetari hainbat ez datorrela bat Montanierren lanarekin. Borroka horretan, baietz betiko aldeak galdu.

Ez aspertzeko. Ez dira ohikoa izaten hiru entrenatzaileon adierazpenak bezalakoak entzutea, nahiz eta gauzak esan zaleak diren. Ia beti, betiko galderei betiko erantzunak gehitzen zaizkie kazetariak eta entrenatzaileak elkartzen direnean. Oraingoan salbuespena izan da. Bielsaren kasuan, gustura entzutekoak dira esan dituenak. Mendilibarrenak entzunda, algara pixka bat ere egin daiteke. Eta Montanierrenak, borroka baten berri ematen dutenez, ez dira hain atseginak. Baina eguneroko jardun aspergarria aldatzeko balio izan dute hiruren hitzek. Mirari txikia izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.