Udaberriko loreak. Martxoko azken igandeko eguzki goxoak bezalako epeltasuna, bero polita transmititzen du euskal saskibaloiak. 26. jardunaldiak hiru garaipen on utzi dizkigu, eta hiru euskal taldeak berriro zortzi onenen artean daude. Garaipen garrantzitsuak denak. Izen handiko aurkaria belaunikarazita Donostian. Muturreko baldintzetan Gescrapek Sevillan aurkari zuzenaren aurka, eta Andres Nocioni Chapu-k lapurtutako distirarik gabe Caja Laboralek, Estudiantes menderatuta. Lagun Arorentzat lore ederrenak, Real Madrili irabazi ziolako, lehen aldiz bere historia laburrean, eta Illunben 9.000 zaleko langa gainditzear egon zelako. Ikusgarria giroa. Bide batez, mesedea gasteiztarrei, gauzak ondo bidean Baskoniak Pablo Lasoren taldea harrapatzeko aukera izango baitu apirilaren 9an, Aste Santuko azken jai egunean, 15.504 zaleren aurrean. Azken txanpan da ACB liga, baina udaberria hasi besterik ez da egin gurean. Zortzi onenen artean hiru talde egoteak dakarren loraldia da. Neurriz jokatzea komeni, umil, puztu gabe, baina zergatik loreei uko egin, mereziak direnean?
Pauso erraldoia. Lagun Arok eman duena. Real Madril gaindiezina menderatu duelako, Panko egotzi eta jaiki egin zelako, Illunbeko zaleek orain arte inoiz ez bezala egin zutelako protesta, hauspotu taldea, eta Sito Alonsok bloke indartsua eraikitzea lortu duelako. Papamakarios izan zen taldeko jokalari onenetakoa, hiru puntu bakarrik saskiratu bazituen ere. Carroll lehortu zuen, hiru baloi bereganatu eta azken sei pase eman. Goazen Papamak! zioen kartela erakutsi zuten harmailetan, eta agerikoa da greziarra zaleen kutunenetakoa bilakatu dela hilabete gutxitan. Lagun Aro da ACB ligako talde onena azken lau hilabeteetan. Bartzelonak bakarrik dauka marka bera, eta horrek meritu handia dauka. Bolada onak ez direlako lau hilabetekoak izaten: hori bolada on bat baino gehiago da. Gipuzkoarrek eskura dute zortzi onenen artean sartzea, eta galdera gaizto bat egitea komeni: Nork nahi du Lagun Aro aurkari gisa kanporaketetan? Zergatik ezin du errepikatu joan den denboraldian Bizkaiak egin zuen balentria?
Borrokatzeko eskubidea. Gescrap Bizkaiak Sevillan irabazi zuena. Estudiantesi Madrilen lortutakoa bezala, herenegungoa ere funtsezkoa zen taldeari patxada pixka bat emateko, kanporaketak nahiko lotuta daudela sinesteko. Besteak beste, hurrengo hiru partidak etxean jokatuko dituelako: Kanaria Handia, Obradoiro eta Valladolid. Itxuraz, irabazi beharreko hiru partida. Hamalau garaipen ditu orain, eta hamazazpi pilatuko lituzke hirurak lortuta. Zortzi onenen artean ia ziur. Goraipatzeko modukoa bizkaitarren bidea ligan, urtarrilean 5-9 balantzea baitzuten. Ez da Lagun Arorena bezain ona, baina ia-ia bai: 9-3. Seigarren da Fotis Katsikarisen taldea, eta CSKA Moskuren aurka duten guztia emateko saria irabazi zuten Sevillan. Normalean Euroligatik kanpo geratuko dira, bihar, etzi-damu edo hurrengo astean, baina duintasunez belaunikatzea ere irakasbide ona izaten da.
Argi-ilunak. Poz-pozik geratu zirelako Baskoniako zaleak Estudiantes menderatu ostean, baina ez garaipenagatik, Nocioniren jendaurreko aurkezpen ponpoxoa egin zutelako baizik. Caja Laboralen arazo guztiak konponduko dituen aztia dela pentsatzen dute askok, baina zuhurtziaz jokatu behar da, argentinarrak denbora beharko duelako bere onena emateko. Garrantzitsua da Baskoniak eman duen pausoa, bai kirol arloan, baita arlo komertzialean ere, aitaren batean dozenaka abonu berri egingo dituelako, eta ehunka sarrera saldu Buesa Arena eraberritua lepo betetzeko. Lehen helburua, mediatikoa eta ekonomikoa, Nocioni fitxatu eta berehala lortu ditu Baskoniak. Kirol arloan eragina izango duen jakiteko itxaron egin beharko da apur bat. Baskonia iraganeko distirarekin ikusteko bezala. Estudiantes aise menderatu zuelako markagailua ikusita, baina sufritu behar ez zuena sufritu zuelako. Eta, halere, bigarren postua lortzetik gertu dago.
Zonakako defentsa
Neurria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu