Poztasun edo amorru keinua. Jokaldi on bat bukatutakoan. Irabazitakoan. Epaileen erabaki bat onartzen ez denean... Espresio bide ugari daude, baina oihu asko entzuten dira saskibaloi kantxetan. Oihu isila egin zuen Prigionik Valentzian, amorratuta, minutu erdiren faltan erasoko errebotea berreskuratu eta partida erabaki zuenean. Oihua Vidalek Ilunben 103. puntua sartu zuenean azken segundoan, eta oihua 7.500 zaleena: «GBC, GBC!», Lagun Aroren lan bikaina eskertzeko. Oihu egin zion Mumbruk Benjamin Jimenez epaileari Miribillan. Ozen eta hitz goxoekin ez, ziurrenik, eta egotzi egin zuen. Oihuak latzak, harmailetan, eta oihuak Bizkaiko prentsan. Egia da epaileek partida baldintzatu zutela, Bizkaiko jokalari erabakigarriena kanporatu zutelako. Ez da egia Bizkaiaren porrota epaileek eragin zutela, taldea Bartzelonaren defentsa bikainean ito zelako. Egurra denek ematen dute, batzuek hobeto, besteek okerrago, eta epaileek erabaki zuten Bizkaiak ez zuela jakin egurra ematen.
Esne-mamitan. Funtsezkoak ziren Lagun Arorentzat CAI Zaragoza eta Estudiantesen aurkako partidak, sasoi bukaeran zein helburu izango zuen jakiteko, eta badaki. Biak irabazi ditu, eta 12. garaipena lortu, jaitsiera saihestu duen garaipena, hain justu. Hamabi jardunaldi falta direla! Hamahiru garaipen da haren langa, baina aise gaindituko duela dirudi. Bihar izan daiteke, Malagan. Bai, Unicaja da, baina Lagun Arok aurrea har diezaioke bihar, eta bosgarren edo laugarren izan. Vidal jardunaldiko onena izendatu dute, eta Salgado eta Panko bosteko onenean. Santutxukoak hamabi asistentzia eman zituen, eta Pankok, 30 puntu saskiratu. Pozgarria, era berean, Ilunbera joandako zaleen erantzun aparta. Igandean giro latza egongo da Baskoniaren aurkako derbian. Etorkizun oparoa du Lagun Arok, eta lehenbailehen etorkizun hori lotzen hastea onena. Panko eta Vidal eskaintza mamitsuak jasotzen hasiko dira laster, dagoeneko jaso ez badituzte, eta klubak, ahal duen neurrian, bi makulu horiei eusten saiatu behar du.
Berriro epaileak. Mumbru bidegabe kaleratuko zuten agian epaileek, baina hori gertatu zenerako 4-13 zihoan aurretik Bartzelona, eta Bizkaia oso gaizki jaurtiketetan: hamahiru ahalegin eta bi saskiratze. Bartzelonaren defentsa zorrotzaren erruz. Mumbruk urte asko daramatza ligan, eta ez da egozten duten lehen aldia. Non dagoen muga, hori epaileek eta jokalariak bakarrik dakite, baina epaileak ez daude txantxetarako. Ondo edo gaizki, erabakitzeko ordaintzen diete, eta Mumbruk ere neurtu egin beharko luke bere protesta. Batez ere, zazpigarren minutua zela jakitun, taldea herren geratuko zela jakitun. Gero, beste guztia dator: Bizkaiari partidan sartzen galarazi zitzaiola, Vasileiadisi beste teknika bat adierazi zitzaiola eta Bartzelonakoek nahi adina protestatu zutela... Egia. Eta zer egin behar da? Garaipenak protesten bidez lortzen saiatu? Ez al da hobea kantxan neurria ematen saiatzea? Gauza jakina da epaileek talde handiei laguntzen dietela, eta ez luke hala izan behar, baina hala da, eta kito. Bizkaiak talde handi baten tratu bera exijitzen du, baina, oraingoz, ez dirudi emango diotenik.
Kritiketatik loreetara. Erritmo horretan dabilelako Caja Laboral Baskonia. Aste batean ezin okerrago, eta hurrengoan txukun samar. Valentzia plaza zaila da, eta meritu handiko garaipena da han lortutakoa. Aste honetan jokatuko dituen bi partidak irabazi beharko lituzke orain Baskoniak, galdutako izen ona berreskuratzeko, baina aurkari zailak ditu: CAI Zaragoza etxean eta Lagun Aro, ligako talde onenetakoa, haren etxean, igandean. Distira handirik gabe jokatzen jarraitzen du Ivanovicen taldeak, 70-75 puntu sartuta, baina ondo ari da defentsan, batez beste 66 puntu hartuta. Lau taldek bakarrik lortu dute Baskoniari 80 puntu baino gehiago sartzea denboraldi honetan, eta datu ona da hori. CAI eta Lagun Aro dira, hain zuzen ere, puntu gehien sartzen duten taldeetako bi.
Zonakako defentsa
Oihuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu