Bi urte luze joan dira BERRIAko azken artikulua idatzi nuenetik. Niretzat behar baino luzeagoak izan dira bi urteak, baina, zorionez, tropelean nago berriz ere. Eta BERRIAk eurekin aritzeko aukera eman dit gainera. Gogoan daukat 2009ko Tourrean Parisera iritsi nintzenean idatzi nuela azken artikulua, segidilla gisa. Ospakizunetarako edo une berezietarako gordetzen ditut nik bertsoak, eta gaurkoan ez dut uste ospatzeko ezer dagoenik. Barruan gordeta daukat oraindik bi urteotako amorrua.
Euskaltel-Euskadirentzat oso lasterketa garrantzitsua da Itzulia. Inflexio puntua izaten da beti. Nahikoa presio izaten dugu taldean, Itzulia jokatu bitartean, normalean ez dugulako emaitza onegirik lortzen. Horixe gertatu da aurten ere. Behar baino okerrago ibili gara proba gehienetan, eta presio handiarekin iritsi gara etxeko lasterketara. Taldearen etorkizuna argitu gabe dago oraindik, garaipen zerrenda eskasa da... Talderik indartsuena ekarri dugu itzuli honetara.
Oso argi dauzkagu ideiak. Samuel Sanchez izango da taldeburua, eta Itzulia irabaztea izango da helburua. Oso prestakuntza ona egin dugu helburu hori lortzeko, eta ez daukagu aitzakiarik. Eguraldia izaten da beti Euskal Herriko Itzuliko mugarrietako bat. Nik beti esaten dut eguraldi ona egiten badu bai gu eta bai zaleak pozik egongo garela, gehiago gozatzeko aukera izango dugulako. Eguraldi txarrarekin, berriz, horixe edukiko genuke alde, arerioak kikildu egiten direlako. Errepide guztiak ondo ezagutzen ditugu guk, eta eguraldi txar hori balia dezakegu jaitsieretan edo ihesaldiak sortzeko garaian.
Ibilbidea oso ondo ezagutzen dugu, eguraldiaren informazio zehatza jasotzen ari gara... Egia esan, xehetasun guztiak oso-oso ondo zaindu ditugu azken asteotan. Sailkapen nagusiaz gain, etapa guztietan ibili nahi dugu borrokan, zaleen aurrean ahalik eta lasterketarik onena egin nahi dugulako. Behar dugun tokian ibili nahi dugu.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. Nire txokotik
Paristik Itzulira, bi urte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu