Felipe Eizagirre.
Arraun-minez

Sinesmenak eta usteak

2012ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Orain arte ez dut isildu Hondarribiarekiko dudan miresmena. Gehienek bezalatsu, haien harrobikoen maila, arraunketa pausatu-sinkronizatua eta estropada amaierak famatu ditut; haien balentriak laudorioz blaitu. Hala ere, igandekoa ikusita, aitortu beharrean nago.

Goraipatu bai, baina betiere ligaren mugen barruan goraipatu ditut. Iritsiko ziren txapelketak eta iritsiko da Kontxa, eta hortxe bukatu haien aukerak. Urdaibairenean eta, batez ere, Kaikurenean, ligan erakutsi duten maila nabarmen hobetzea espero nuen; nahikoa Ama Guadalupekoak haien martxa segi ezin izateko. Haiek euren kuadrilla kuttunena aterata ere, hirugarren —gehienez, bigarren— egiteko gai baino ez nituen sumatzen gipuzkoarrak. Fede kontua, nonbait.

Izan ere, iritsi zen Euskadiko Txapelketa, eta ez zuten inongo unetan aurrekoen ubera begi bistatik kendu. Ez zen gutxi. Baina iritsi da estatukoa ere, eta kolpea jo dute karelean. Saioa bukatu berritan, Aner Etxart arraunlaria ikusi baino ez zegoen, pozarekin batera atera ohi zaigun amorruaz; baina posible zela uste zutena posible dela jakiteak sorrarazi zien plazeraz. Eta hala, niri eta, ziur, zuetako askori, uste ere ez genuena jakinarazi digute; eta mugarik gabeko estropadan, beren muga non dagoen oraindik ez dakigula ohartarazi. Eta makurtu egin gara horren aurrean; aitortza hori zor diegu, inongo dudarik gabe.

Baina Kontxa ere iritsiko da, eta ezer ez da erraza izango. Xabier Etxebeste Kaikukoari irakurri nion haien kuadrillarik onena, kuadrillagatik beragatik baino, kuadrilla horrek elkarrekin arraunean egingo dituen kilometroengatik izango dela onena. Ez da lelokeria. Hor dezente izango dute hobetzeko sestaoarrek; hondarribiarrek baino gehiago, ziurrenik. Eta bermeotarrak ere ez dira aparte ibiliko. Gainera, ziaboga bakarreko estropadan banana gabe jokatzearen desabantaila murriztu egingo zaie txoei. Hobekuntza tarte horiek behintzat aitortu beharko dizkiegu bi bizkaitarrei ere.

Hiru oilarren mugak ikusteke daude, beraz; eta horixe zen traineru denboraldia ezin zirraragarriagoa izateko falta zitzaiguna. Orain, segi dezagun ligaz gozatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.