Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik

Taldea zigortzea, penagarria

2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Zuzendarien aginteak txirrindularion haserrea eragiten du batzuetan. Aginte horrek lasterketa hankaz gora jarri du azken bi etapetan. Talde guztiok bilera bat egiten dugu etaparen aurretik, helburuak finkatzeko. Zuzendariak agindutakoa egin ezean, ordea, inprobisatu beharra dago. Azken etapetan, ihesaldian sartzeko agindua bete ez duten taldeei tropelean lan egiteko eskatu die zuzendariak, zigor moduan eta guztion kaltetan.

Orain gutxi arte, errespetu handiagoa zegoen. Ihesaldian sartzen zirenak pozik geratzen ziren, eta sartzen ez zirenak konformatu egiten ziren. Baina gaur egun lehiakortasuna oso handia da, eta badirudi zuzendariei azkar ahaztu zaiela txirrindulari izatea zer den. Ni ez naiz zigortzearen aldekoa, taldeko giroa nahastu besterik ez baitu egiten. Zigortzea gogorra, tristea eta penagarria iruditzen zait. Txirrindulari horiek ihesaldian sartu baino ez dute nahi, eta lortzen ez badute, indar faltagatik da. Hurrengo etapan neke handiagoa izatea baino ez dute lortzen zigorrarekin.

Egunero ezin dira bete helburuak, eta konformatzen ere jakin behar da. Baina lehiakortasuna handia da, eta horren erakusle da orduko 48 kilometroko batez besteko abiaduran egin ditugula 203 kilometro, esprintean iritsiko ginela argi bazegoen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.