Txirrindulariok maletan eramaten ditugun gauzak aipatuko ditut. Jende batek pentsa dezake gauza arraroak edukitzen ditugula, baina ez da hala. Kanpora hilabeterako joaten garen arren, ez dugu gauza askoren beharrik izaten, arropa bera ere egunero garbitzen digutelako.
Arropari dagokionez, pare bat kulot eta beste hainbat maillot nahikoak izaten dira. Taldeko txandala ere eramaten dugu, pare bat elastikorekin batera. Horrez gain, nezeserra eta pijama eramaten dugu. Egia esan, Tourrean pisutsua egiten da egunero gauza berak janztea.
Horrez gain, bakoitzak bere gauzak eramaten ditu, baina ez deus arrarorik. Normalean, denok izaten dugu ordenagailu txikiren bat, pixka bat aisialdi garaian prentsari kasu egiteko. Nola ez, sakelakoa ere ezin falta, etxekoekin komunikatu ahal izateko. Eta irakurzaletasuna daukagunok pare bat liburu ere eramaten ditugu, ordenagailuan aspertzen garenean irakurtzeko. Batzuetan, film batzuk ere ikusten ditugu.
Zutabeari amaiera emate aldera, teknologia berriek denongan eragiten duten menpekotasuna nabarmendu nahiko nuke. Azkenean, nahitaezko bihurtu dira gure bizitzan. Eta askotan aipatzen dugu talde barruan nola moldatzen ote ziren lehengo txirrindulariak. Haiek Internetik ez zuten, sakelakorik ere ez... Argi dago hoteleko telefonotik deitzen zutela etxera.
Baina, gaur egun, ez dugu halakorik egiten; teknologia berrien menpe gaude, eta ez zait iruditzen menpekotasun hori ona denik. Gauza guztiak bezala, erabiltzen jakin behar da, eta, nire ustez, ez dakigu erabiltzen. Naturaltasuna galtzen ari gara, baita nik ere. Hotelera sartzen garenean beti galdera bera egiten diogu masaje emaileari, ea Internet ba ote dagoen. Orduan, autokritika horrekin bukatu nahiko nuke. Teknologia berriek pauso handia eman dute, baina, era berean, kaltea ere egiten dute.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik
Teknologia berriak, onerako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu