Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik

Tourrak dituen alde onak

2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Orain arte nahiko ezkorra izan naiz Frantziako Tourraren azterketa egin dudanean. Erorikoak, tentsioa eta antzekoak aipatu ditut. Baina gauza onak plazaratzeko garaia iritsi da. Berez pertsona baikorra naizela esaten didate, eta Tourrak asko dauka gozatzeko. Zutabe honetan alde onak aipatu nahi ditut.

Lehenengo gauza ona loa da. Atzo —herenegun—, esaterako, gaueko hamaikak inguruan sartu ginen ohera, eta goizeko bederatziak arte ez ginen altxatu. Hamar ordu lo egin genuen, eta hori gauza ederra da. Gero, gosaltzeko garaia izaten dugu. Sukaldariak denetarik prestatzen digu, eta zer aukeratu franko izaten dugu. Momentu lasaia izaten da hori, eta gustura egoten gara.

Ordubeteko atsedena izaten dugu gosaldu eta berehala. Nork bere gauzak egiteko baliatzen du. Logelan sartu eta ohearen gainean etzanda zein ordenagailu aurrean egon ohi gara gehienetan. Niri prentsa irakurtzea gustatzen zait, batez ere etxekoa. Hemen burbuila baten barruan bizi gara, eta etxeko kontuak jakin nahi izaten ditut. Halaxe igarotzen dut denbora.

Gero, noski, eguneko etaparen irteera lerrora joatea tokatzen zaigu. Lasterketan bost ordu inguru egiten ditugu, baina, egia esan, zorteko gabiltza. Izan ere, etapa hasi eta berehala osatzen da eguneko ihesaldia, eta helburu hori ez dugunok arnasa lasai hartuz egon ahal izaten gara. Tropelaren abiadura ez da bizia izaten amaierara arte, eta elkarrekin hizketan joaten gara sarritan.

Etapa amaituta, autobusean dutxa eder bat hartzen dugu, eta gero hotelerantz abiatzen gara. Bertan sukaldariak prestaturiko afaria izaten dugu, benetan eskertzekoa: arraina, haragia... Saiatzen da janariarekin asmatzen, eta lortzen du. Izan ere, entsalada jatera ohitutagaude.

Afaldu ondoren, lotarako garaia izaten da. Taldekideren batek etapa irabazten duenean, nahiz ez gauden ohituta, ez dugu aparteko ezer egiten. Afaria aurrez prestatuta egoten da, baina xanpaina behintzat irekitzen dugu. Atzo Pablo Urtasun gertu egon zen, baina ezin izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.