Mikel Astarloza.
Euskal Herriko Itzulia. Lehen etapa: Gueñes-Gueñes. Nire txokotik

Tropela, atez atekoaren alde

2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Gizartean puri-purian dagoen arazo bat txirrindularitzarekin lotu nahiko nuke gaurkoan. Zaborraren inguruko arazoaz ari naiz hizketan. Atez atekoak nahikoa iskanbila sortu du azkenaldian, eta tropelean ere bada antzeko mugimendu bat. Frantziako Tourrak bultzatuta egiten da kilometroko atez ateko moduko bat. Zaborra botatzeko kilometro bateko tartea zehazten dute antolatzaileek, ondoren jasotzeko lana erosoagoa izan dadin.

Ur bidoiei dagokienez, mendian edo erreka bazterrean bota beharrean, zaleak dauden inguruetan edo hiriguneetan botatzeko eskatzen digute: kutsaduragatik, batetik, eta zaleentzat bidoiak hartzea gustagarria delako, bestetik. Atez atekoaren aldekoa naiz ni, eta, Oiartzunen bizita, oso gustura aritzen naiz ahalik eta kutsadura gutxien sortzearen aldeko lanean. Euskal Herriko Itzulian betidanik sentitu izan dut halako mugimenduren baten falta, eta ea pixkanaka jendeak kontzientzia hartzeko gai garen.

Egia esan, lasterketan bertan sarritan ez da oso erosoa izaten plastiko edo paper zatiak mailloteko poltsikoetan sartuz joatea, baina ez dugu izaten beste erremediorik. Horregatik diot txirrindularitzan ere kilometro bateko atez ateko sistemaren alde egin beharko genukeela.

Lasterketari dagokionez, berriz, oso etapa azkarra eta lotua izan da. Espero zen bezalakoa, alegia. Nahikoa motza zen, lau ordu eskasekoa, eta hasiera-hasieratik hartu dugu ihesaldia kontrolatzeko ardura. Bagenekien helmugan ez geneukala etapa irabazteko hautagai argirik, baina liderraren maillota eduki izan bagenu bezala aritu gara lanean. Lasterketa blokeatzea zen gure asmoa, faborito guztiak elkarrekin helmugaratzeko. Eta lortu dugula esan daiteke.

Azken kilometroetan adi ibili gara Egoi [Martinez] eta biok, aurreko postu horietan mugimendu arrarorik ez izatea zelako taldearen helburua. Etapa hasi aurretik esan digute Kloeden gaixo zegoela, eta egia izango da, ezer ez zeukan etapan bost minututik gora galdu duelako. Brajkovicek, berriz, kolpe handi samarra daukala uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.