Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik

Tropela berekoi bihurtu da

2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Berotu ederrak hartu ditut gaur [atzo], zoritxarrez jositako etapa izan baita. Lehenengoa helmugara 60 kilometro falta zirela gertatu da, hogei bat txirrindularik gurpila zulatuta. Lurrean kristala zegoen, eta autoak oso urruti egoten direnez, ezinezkoa da haize gabeko gurpilarekin aurrean jarraitzea. Baina, tira, arazoa konpondu dugu eta atzean geundenon artean harrapatu ditugu aurrekoak.

Tropelaren atzeko aldean Amets Txurruka zegoen, eta berari berotu galanta hartu behar izan dudala komentatzen ari nintzaiola, batzuk erori egin dira, eta gu trabatuta gelditu gara. Halakoetan asko igarotzen dira belar artetik, eta nik ere halaxe egin dut. Baina tropela urruti zegoen ordurako, eta, 45 kilometro falta zirela, bigarren berotua hartu behar izan dut aurrekoengana iristeko.

Egia esan, ederki kosta zait. Baina, arnasa lasai hartuko nuen esperantzan, neukan guztia eman dut. Ordea, ez dut horretarako betarik eduki, beste eroriko bat gertatu baita helmugara iristeko 30 kilometro falta genituela. Txirrindulari asko erori dira lurrera, eta taldekide asko atzean geratu gara. Taldekako erlojupeko bat egin dugu tropelera iristeko, eta nahiko aise harrapatu ditugu aurrekoak. Samuel Sanchez genuen aurrean, eta hari laguntzeko iritsi beharra genuen.

Hirugarren berotua nabaritu dut, eta 20 kilometro falta zirela, ustekabean, Samueli bizikletako katea hautsi zaio. Berriz atzean geratu gara, eta barre egin dut negar ez egiteagatik. Zorionez, ongi gainditu ditugu arazo guztiak. Eguna emaitza txarrik gabe pasatzea poztekoa da.

Baina hainbeste arazok zer pentsatua eman didate. Iruditzen zait tropelean geurekoi bihurtu garela. Askok pentsatzen dute, edo pentsatzen dugu, gu erortzen ez garen bitartean berdin diola. Ez dut uste hainbatek eta hainbatek zintzo jokatzen dutenik. Nik neuk ez daukat halakotzat neure burua, baina askotxo dira gainontzekoei batere begirunerik ez dietenak. Nire iritziz, horregatik erortzen gara hainbeste. Garai batean ez zegoen halako arazorik, jatorragoak zirelako, baina txirrindularion jokabide txarrak erorikoak ekarri ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.