Joan-etorriko boladak. The Wonder Years telesaila 80ko hamarkadaren bukaeran eta 90eko hamarkadaren hasieran egin zen ezagun AEBetan. Geroxeago iritsi zen Euskal Herrira. Kevin Arnold pertsonaia gazteak 1968 eta 1973 urte bitarteko garai polita kontatzen zuen horretan. Telesail aproposa euskal saskibaloi taldeen jarduna laburbiltzeko. Bolada bikainean dagoelako Caja Laboral: sei partida irabazi ditu jarraian, baina lekutan geratzen dira oraindik 2004-2005eko denboraldian errenkadan lortutako hamabost garaipenak. Esne mamitan daude Donostian ere, baina haiek garai polita 2012an bizitzen ari dira, inoiz ez baitute bost garaipeneko bolada izan. Beste marka bat ere berdindu dute: zazpi garaipen lehen itzulian, itzulia bukatzeko bi partida falta direla. Bizkai aldean pena apur batekin erreparatuko liokete telesailaren izenburuari, garai politagoak bizitakoak baitira, eta ez aspaldi. Gauzak diren bezala, eta Top16a lorpen itzela dela onartuta ere. Ligak ematen dio arnasa Gescrapi, eta emaitza txarrek Kopatik kanpo utzi dute Bilboko taldea. Azken ondorio txarra izan dadila.
Nahi izanez gero... lor dezakezu, eta Lagun Arok bere egin du lelo hori erabat, partida galduta zeukala irabazi egin zuelako Bilbon. Taldeak hiru puntu gutxiago zituela, Baronek puntu bateko bi jaurtiketa kale egin... eta errebotea Bettsentzat, hark Vidali, eta hirukoa! Luzapenean, donostiarren monologoa, behetik gora etorrita. Ikaragarri Andy Panko, jardunaldiko onena, 25 puntu eta 11 erreboterekin. Zer esan Vidali buruz: baloia erabiltzen maisua. Eta Baronen hiruko onak, Salgadok partida bukaeran izandako tenplea, Bettsen errebote hori, Doblasen adorea... Sinetsita daude garaiezinak direla, eta igandean pasatuko dute behin betiko proba, Bartzelona ahaltsuaren aurka. Illunbe bete samar egotea espero da, eta oso dema polita espero da. Kopaz, jokalarien jarrera bera: hitz gutxi. Lagun Arok bere biak irabazten baditu, barruan da. Bartzelona eta Murtziako bidaia, horixe menua. Logikoa baita CAI k lehen itzuliko azkena galtzea, Bartzelonan. Txarra ez Gescrapek mesedea egitea etzi, Zaragozan atzeratutako partida irabazten badu etzi. Partida samurragoak dituzte Cajasolek eta Valentziak.
Astebeteko opor behartuak. Gescrapek otsail erdialdean hartuko dituenak, ez baitu jokatuko Kopa. Zeruak eta lurrak bat egin beharko lukete hori ez gertatzeko: Fotis Katsikarisen taldeak hiru partidak alde handiarekin irabaztea eta emaitza guztiak lagun izatea. Kopa ahaztea eta kanporaketetan pentsatzen hastea onena, liga bukaeran zortzi onenen artean ez egotea oso larria litzatekeelako. Europatik at geratuko litzateke taldea hurrengo sasoian. Badirudi Top16a jokatzeko lanean barren hustu egin direla jokalariak. Hiru partida galdu dituzte jarraian ligan, eta zenbakiak estutzen hasten dira. Jaitsiera garaipen bakarrera dago, eta kalkuluek diote hamazazpi-hemezortzi garaipen behar direla maiatzean zortzi onenen artean sartzeko. 20 partidetatik hamabi edo hamahiru irabazi beharko lituzke Gescrapek, eta asko irabaztea da hori. Zaragoza, Valladolid eta Obradoiro dira lehen itzuliko azken hirurak. Menderatzeko moduko taldeak hirurak. Esnatzen hasteko garaia da.
Sei, eta zenbatzen. Itxurosoago edo itsusiago, garaipenen arrastoan jarraitzen du Caja Laboralek. Joventuten aurkako garaipen argia ere ez da gogoratuko partida bikaina izan zelako, baina seigarrena lortu dute jarraian arabarrek. Zazpigarrenak ere ziurra dirudi: Manresa Gasteizen larunbatean. Baina zortzigarrenean etorriko da zailtasun gorena: Real Madril Madrilen bertan. Xehetasun interesgarriak Badalonan: Heurtel 1 postuan eta Prigioni eskolta moduan, Nemanja Bjelicak zenbaki interesgarriak, eta, batez ere, egindako defentsa dotorea. Joventut mugatu samar dago talentuz, baina 60 puntu baino gutxiago hartzea beti da nabarmentzeko modukoa.
Zonakako defentsa
Urte zoragarri haiek...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu