Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Guadalupetik

Vinokurovi begira

Juanma Garate.
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Pozik egoteko moduan nago. Etapa garrantzitsua zen niretzat, atzoko [herenegungo] sufrimenduaren ondoren, zer moduz nengoen ikusi nahi nuelako. Lesioak okerrera eginez gero, edo berdin segituz gero, ez zeukan zentzurik borrokan jarraitzeak. Baina min gutxiagorekin jaiki naiz, nahiz eta bizikleta gainean min handia sentitzen dudan oraindik. Oso mugatuta nago, eta ezin dut ezer egin taldearen alde. Baina hobetuz noala nabari dut, eta atseden egunera arte pausotxoak ematen jarraitzea espero dut.

Gainerakoan, zuek ere ikusten ari zarete egunero faboritoren bat erortzen ari dela. Guztia lehen etaparen ondorioa dela uste dut. Lehen etapa hura oso txarra izan zen Alberto [Contador] edo Samuelen [Sanchez] gisako faboritoentzat, eta egoera hark tentsio handia sortu du tropelean. Aurrekoak baino askoz Tour arriskutsuagoa izaten ari da. Ez da normala gertatzen ari dena, eta denok beldurtzen hasita gaude. Azken batean, egunero faborito bat edo bi ari dira erortzen. Gaur [atzo] Wiggins eta Hornerri tokatu zaie Tourra galtzea, eta Leipheimerrek ere lau minutu galdu ditu bi egunean. Vinokurovek autoari esker lortu du tropelean sartzea. Eta Hesjedalek eta Kreuzigerrek ere denbora dezente galdu dute.

Autoaren laguntza aipatuta, Vinokuroven mugimenduari buruz bi hitz. Tourra hasi aurretik epaileek argi utzi zuten araudiarekin oso zorrotz jokatuko zutela. Zulaturen bat-edo edukiz gero, adibidez, ez dute uzten mekanikariak autotik denbora askoan laguntzea. Baina Vinokurovek, kasu honetan, Tourra bera zeukan jokoan, bi minututik gora galduko zituelako azkar batean aurrekoekin bat egitea lortzen ez bazuen. Eta autoaren atzetik joateagatik, gehienez ere hogei bat segundoko zigorra eta isun txiki bat jasoko du. Autoaren atzean jarrita arriskatzea erabaki du, eta horri esker sartu da aurrean. Berez, ezin da egin Vinokurovek egin duena, baina ikusi egin beharko da zigorra jartzen dioten edo ez.

Niri dagokidanez, hurrengo bi etapetan lasai antzean ibiltzeko baimena eman dit taldeak. Ihesaldian sartzen ahalegintzeko etapa politak dira, baina iraute hutsarekin nahikoa daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.