Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik

Zalantzak zeuzkatenentzat

Juanma Garate.
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Astean egun batean gure kontuak irakurri gabe geratzen zarete, baina gaur kontatuko dizkizuet igandeko etapako kontuak, liderraren maillota hartuta amaitu genuelako eguna. Itzulia hasi aurretik batzuek galdetzen ziguten ea Rabobank zertara joan zen Vueltara. Eta hortxe daukate erantzuna. Baukerena [Mollema] ez zen izan, gainera, ihesaldi baten ondorioa edo kasualitatea. Egunez egun aritu da gogor lanean, eta argi utzi dugu Vueltara ez garela etorri pasioan.

Pena da Oscar [Freire] osasun arazoekin etxera joan izana. Baina gainerako taldekideak ahalik eta lanik onena egiten saiatzen ari gara. Erlojupekoan galdu egin dugu liderraren maillota, baina pentsatzekoa zen hori. Ia ezinezkoa zen Bauke Wigginsen pare ibiltzea, baina oso lan duina egin duela uste dut. Hortxe gaude oraindik. Ez gara etorri Vuelta irabaztera, baina lan ona egitera bai. Hizketan hasi aurretik bi aldiz pentsatu dezala jendeak. Vuelta lehiatzera etorri gara.

Erlojupekoari dagokionez, izugarria izan da Tony Martinek azken hamabost kilometroetan atera duen aldea. Ia denei atera die minutua zati horretan. Egia da bera abiatu denean haizea barexeago zebilela. Baina Cancellara ere ordu horretan abiatu da, eta denbora asko galdu du azken zati horretan. Nahiko gogorra izan da erlojupekoa, Vuelta bera bezalakoa. Oso itzuli gogorra izaten ari da, beste urte batzuetan baino dezente gogorragoa.

Atzo kalkuluak egiten aritu nintzen, eta hamalau mendate igo ditugu orain arte. 47 dauzkagu denera. Pentsa, laurdena besterik ez dugu igo oraindik. Badirudi mendate asko igo ditugula, baina halako lau geratzen zaigu oraindik. Eta igandeko etapari dagokionez, Katuxak huts egin zuela iruditzen zait. Lasterketaren ardura hartu zuten, eta oso-oso erritmo bizia jarri zuten La Covatillako azken zortzi kilometroetara iritsi arte. Karpets bete-betean tiraka jarri zen, eta uste dut erritmo horrekin ito egin zituela Purito [Joaquim Rodriguez] eta Dani Moreno bera.

Baina kontuz oraindik. Froome ezezaguna jarri da lider, baina minutuaren bueltan daude sailkapen nagusiko lehen sei-zazpiak. Lehen hamar etapak igaro ditugu, asko da hori, baina badirudi hasi besterik ez garela egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.