Aitor Manterola Garate.
Arrauna. Kontxako Bandera

Zarata edo isiltasuna

2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Kontxako Bandera apartekoa da, handiena, bereziena, onerako eta txarrerako. Orain arteko lasaitasun nolabaitekoa urduritasun bihurtzen da. Bide horretatik doa aurtengoaren bigarren jardunaldia. Bi dira bandera desiratua irabazteko hautagaiak, eta baten ingurutik dator zarata, desoreka. Bestea isilik dago, orekan.

Kaiku edo Urdaibai. Bata ala bestea. Ez du ematen besterik egongo denik. Kaiku doa aurretik. 3,92 segundo azkarragoa izan zen joan den igandean. Txikia da aldea, eta edozer gerta daiteke. Hori kirolari dagokionez. Izan ere, bestetik ere izan baitu asteak. Ohi bezala, Jose Luis Kortak berotu ditu bazterrak, Kaikuko entrenatzaileak. Radio Euskadi-ri egindako adierazpenetan, dopinarekin nahasita ibiltzea leporatu dio aurkari zuzenari: «Horrek ematen dit beldurrik handiena iganderako», bota zuen. Akusazio larria da, baina Urdaibaitik Josu Zabalondo presidenteak baino ez dio erantzun: «Berak du bere kontrako auzia irekita Castroko epaitegian, dopinagatik». Entrenatzailea eta arraunlariak beren lanean ibili dira, isiltasunean eta kontzentratuta.

Duela bi urteko egoeraren parekoa da aste honetan bizitakoa. Orduan ere antzera mintzatu zen Korta, eta epelak bota zituen bandera Urdaibaik irabazi berritan, Kaikuri bigarren egunean nabarmen irabazi zionean. Hantxe hasi zen Estrobo auzi sonatua bazterrak nahasten, eta epaitegian da auzia. Gaurkoari begira, jarrera bera hartu du Kortak. Orduko emaitza bera izango al da? Gerta- tzen dena gertatzen dela, bete dadila asteon Iker Pascual Kaikuko arraunlariak berripaper honetan esandakoa. «Ez dadila istilurik izan Kaikuren eta Urdaibairen artean».

Uretan, kale zozketak zehaztuko du elkarren parean ariko ote diren biak. Kaleen aldetik, ez du ematen alderik egongo denik, itsaso barea dagoelako emanda, eta haizerik ia ez: marka giroa. Ohorezko txandan, Tiran eta Hondarribia izango dituzte lehiakide. Horiena besteena baino estuago dago, 18 ehunen bakarrik daudelako galiziarren alde. Bien lanak baldintza dezake bi faboritoena. Esate baterako, lau on- tziak pare samarrean ibiltzen badira estropada guztian zehar, bakoitzak bere kaletik egin beharko ditu lanak, eta alderik egongo ez bada ere kaletik kalera, beti izaten da bat bestea baino egokiagoa. Eta hala bada, kale egokian doana norbera ez denean, komeni izaten da han doana atzean gera- tzea, aurrean dabilenak bide hori baliatzeko; horixe egin zuen Urdaibaik joan zen igandean bueltako luzean, lehen kaletik laugarrenera zeharkatu zuelako ontzia, olatuen norabideari segituz.

Aldez aurretik begiratuta, Kaiku dabil aurretik pronostikoetan.Aste osoa aritu da arraun munduan batetik bestera 3,92 segundoren aldea, eta ahaztu antzean geratu da tartea handiagoa izan zela: 6,92 segundo. Kaikuri hiru segundoko zigorra jarri izanak murriztu ditu kontuak. Horrek aurrea ematen dio Kaikuri iragarpenetan. Denboraldi osoko lana ere hor dago, baina asko ere ez du balio, gaur eta Donostian egin behar delako lana.

Urdaibai behetik gora dator. San Miguel ligan ez bezala, nahi dituen arraunlariak jartzeko aukera dauka Juan Mari Etxabek, propioen eta ez-propioen bereizketatik kanpo, eta antzeman da hori Kontxan. Isilik dabil, eta presiorik gabe, ezustea eman lezake, zaratatsua isilduz. Batek ala besteak irabazi, Bizkaira joango da bandera laugarren urtez jarraian: 2009an, Kaiku nagusitu zen, eta azken bietan, Urdaibai.

Lehenengo txandan ere izango da emozioa, San Juan, Chapela eta Astillero lau segundoan daudelako, eta galiziarrak eta espainiarrak, segundo erdian bakarrik. Ohorezko txandaren zaratak isildu egiten du horien eta Donostiarraren lana, baina Kon- txan dira azken horiek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.