Egutegi itogarria. NBA etenik gabeko zurrunbiloan sartu zen Gabon egunean, eta lock-out-aren eraginak egunerokoan nabaritzen dira. Eta nabarituko dira, lau hilabete eskasean 66 partida jokatzeak ondorio txarrak dakartzalako ezinbestean: atsedenik ez, joko kaskarragoa, jaurtiketa portzentaje pobreagoak, emaitza arraroak, lesioak... Hilabete eta aste bat bete du NBAk, eta zaleak gustura gaude, baina ikuskizuna pobretu egin da. Bost astean, 35 egunean, 20-23 partida jokatu dituztelako taldeek. Askok bi gautan segidan jokatu behar izan dute, eta, ondoren, egun bakarreko atsedena bakarrik hartu. Zenbaitzuek hiru gautan jokatu dute errenkadan. Back to back to back deitu diote AEBetan. Jokatu, jokatu eta jokatu, ulertze aldera. Neke fisikoari bidaiena gehitu, eta horrek partida txar asko ekarri ditu. Batez bestekoek ez dute gezurrik esaten. Ia hiru puntu gutxiago sartzen dira partidako, eta jaurtiketen portzentajea ere %46tik %43ra jaitsi da. Denei eragiten die nekeak, eta Oklahomak, ligako talde onenak, denboraldi normal batean galduko ez lituzkeen norgehiagokak galdu ditu plaza samurretan. Egutegi estuak ondorio on bat utzi du: parekotasuna. 30 taldetik bost bakarrik daude kanporaketak jokatzeko aukerarik gabe, eta ezusteko asko gerta daitezke.
Izar baten bizitza. Sos asko irabazten dute, eta ezagunak dira munduan, baina haien bizitza ez da samur-samurra. Pau Gasolek honela deskribatu zuen 24 orduko tartea, bi partida eduki dituenean: «Phoenixen aurkakoa bukatu, dutxa bat hartu, prentsarekin egon, eta aireportura. 23:30, Los Angelesen. Hegazkina Salt Lake Cityra, 02:30. Logelara iristerako 03:00ak. Ezin dut lo egin, zaila da partida ondorenetan. 06:00etan lo hartu dut, eta 10:00etan bideoa dugu aurkaria aztertzeko. Eguerdian jaurtiketa saioa genuen, baina bertan behera utzi du entrenatzaileak. Eskerrak. Posta elektronikoa begiratzeko baliatu dut atsedena. 14:00etan, bazkaria, siesta txiki bat, eta 17:00ak aldera, kantxara. 19:00etan, partida, eta gauerdian, lau orduko beste hegaldi bat ekialdeko hiriren batera. Ez dakit nora. Erotzeko modukoa, ezta?». Bada, bai. Gogorra da. Ricky Rubio ere gorriak pasatzen ari omen da. «Non nagoen eta zein egunetan bizi garen ez dakidala esnatzen naiz sarri, hotel hotz bateko ohe hotz batean. Hemengo erritmoa eromena da».
Agintaririk ez. Lehen hilabeteak Oklahoma City eta Chicago Bulls utzi ditu lidergoan, baina harrokeria handirik gabe. 16-4 da Mendebaldekoen balantzea, eta 18-5 Derrick Rosen taldearena. Aurreikuspenak bete dira bien kasuan, jokalari gazteak baitira talde horietako bizkarrezurra, egutegi gogorraren exijentziak gainditzeko aproposak. Mendebaldean hamalau talde ari dira zortzi onenen artean sartzeko lehian, eta ekialdean, hamahiru. Aspaldi bezala, garestiagoak dira kanporaketak mendebaldean, baina faboritoak zirenak ez dabiltza fin bi konferentziatan. Lakersen balantzea 13-9 da, eta Dallasena 14-8. Miamirena ere, 16-5, eta Bostonena, okerragoa: 10-10. Clippers ere ondo dabil, baina beldurrik eman gabe: 12-6. Txarrean aurreikuspenak bete ez dituen talderen baten izena ematekotan, hautagai nagusia, New York Knicks (8-13). Taldea goitik behera aldatu, eta, halere, desastre!
'Zurrumurrugintza'. Tradeline-a, jokalari aldaketak egiteko azken eguna, martxoaren 15era atzeratu dute aurten. Bi jokalarik segitzen dute arreta erakartzen: Dwight Howardek eta Pau Gasolek. Superman Howardek epelak bota zituen duela batzuk hainbat taldekideren aurka, emaitza bolada txar batean axolarik gabe jokatu zutelako. Batzuen ustez, bere irteera azkartzeko esanak dira, eta laster baiezta daiteke. Nora eta zeren truke, baina? Boston, New Jersey eta Lakers omen dira hautagai. Orlandok Hedo Turkoglu ere askatu nahi du Howardekin, eta nahi hori aldaketa oztopatzen ari da. Pau Gasolek ere ahobizarrik gabe hitz egin du: «Ez dut uste Howardek nik neuk edo Andre Bynum baino talentu gehiago duenik».
Bosgarren Hiribidetik
Zehar kalteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu