Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Zeroaren ertzak

2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Ez da biribila. Zeroa biribila da geometrian. Ez du ertzik. Baina futboleko zeroa ez da beti biribila. Eta ertzak ugari dauzka. Galdetu Realekoei biribila izan zen larunbatekoa. Osasunakoek ere erantzun dezakete, eta Athleticekoek ere badaukate zer esan. Hiru zero, eta bakoitza bere ertzekin. Gogoeta egiteko helduleku onak diren ertzekin.

Jaurtiketa txarrak. Partidak aztertzerakoan, gaitz berak jotzen ditu hainbat. Talderen batek golak sartzeko aukera asko egiten dituenean, eta ikusleen gozamenerako jokua egiten duenean, azterketaren emaitza bat eta bera da beti: «Egundoko partida egin du taldeak». Aukera horiek gauzatu ez izana azterketatik kanpo uzten dute. Horregatik ezin daiteke esan Realak partida biribila egin zuenik larunbatean. Golak sartzen kale egin zuen behin eta berriz. Horra biribilaren ertzak. Huts egin zuten jokalariek, eta asko erraztu Andres Fernandez Osasunako atezainaren luzimendua. Jaurtiketa gehienak geratzeko modukoak izan ziren, behera bota beharrean gora egin zituztelako Realekoek, atezainari lana erraztuz. Beste zenbaitetan, jaurti beharrean bakarrik zegoen taldekideari pasatzeko aukera ez baliatzeagatik luzitu zen Osasunako atezaina. Eskas ibili ziren Realekoek atera jaurtitzeko arloan, eta hor galdu zituen bi puntuak. Gustatu zitzaidan Philippe Montanierren azalpena gero: «Ez gara ondo aritu jaurtiketetan». Ez zuen esan «ez dugu asmatu» neutro hori.

Golik ez jasotzearen inguruan. Gai hau ere interesgarria da solaserako. Golik jaso ez duen taldeak lan ona egin al du defentsako lanean? Batzuen ustez, bai. Aurkariak golik ez sartzea nahikoa dute defentsako zeregina goraipatzeko. Baina bada kontuan hartu behar den gauza bat: zenbateko eragina izan du atezainak golik ez jasotze horretan? Atezainak geldiketa asko egin behar izan dituenean, ondo defendatu al du taldeak? Ezezkoan nago ni. Larunbatean, Osasunak ez zuen golik jaso, eta hor nonbait irakurri dut taldearen sendotasuna goraipatzen duen kronikaren bat. Oker erabat. Sendotasuna da aurkariak aukera gutxi sortzea. Hori da ondo defendatzea. Osasunaren zeroaren ertza hor dago: ez zuen golik jaso, baina ez zen talde sendoa izan Anoetan.

Betiko zuloa. Beste behin, Athleticek golak sartzeko aukera dezente egin zituen, baina ezin asmatu. Hor du biribilaren ertza Marcelo Bielsaren taldeak. Realekoei buruz esandako gauza bera esan daiteke orain ere: jaurtiketa txarrak zenbaitetan, eta erabaki okerrak beste hainbatetan. Ziur nago entrenatzaileak zehaztasun handiz lantzen duela jaurtiketen arloa Lezaman, baina gero, jokalariak ez dira zehatzak izaten ari lehian. Horra igandeko zeroaren ertza. Osasunaren jardunarekin ere pareka daiteke Athleticena. Ez zen sendo aritu taldea, Getafek aukera dezente egin zizkiolako. Eskerrak horiek ere kamuts ibili ziren. Berdindu eta berdindu, jendea kontuak egiten hasi da, goiko taldeak badoazela eta kea dariela. Beste kontu batzuk egin behar lituzkete taldearen barruan: golak sartzeko zenbat aukera huts egin dituzten orain arteko jardunean. Asko-asko ere hobetu gabe, puntu kopuru polita gehituko litzaioke oraingo 23ko uztari.

Hala ere, bide onean. Zerotik zerora, zeroak ez duela balio ematen du, baina gure hiru taldeen zero hauek biribil samarrak dira, ertzak ertz. Hirurak ari dira nortasuna erakusten, noizean behineko salbuespenak salbuespen. Jokatzeko modu zehatza daukate, edota zehaztasunaren bila dabiltzala antzematen zaie. Bide ona da hori. Bide horretan doazela, ertzak leunduko dituzte, edo leundu beharko lituzkete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.