Txirrindularitza dFrantziako Tourra. Guadalupetik

Zirkuan bageunde bezala

Juanma Garate.
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Nola hasi den Tourra! Nork esan behar zuen faborito nagusiak minutu batetik gora galduko zuela lehen etapan. Halere, niretzat, esanguratsuena erorikoak izan dira. Esango nuke gaur gutxienez 80 txirrindularik dastatu dutela lurra. Nik bost eroriko handi ikusi ditut, horietatik lau ikusleek eraginda. Pentsa, hasiera bateratuan, lehen kilometroetan bat erori da. Lehen etapak hala izango dira. Benetan diotsuet, aurkezpen eguneko zirkuan ikusi dut neure burua. Norbaitek ikuskizuna nahi du, ikus-entzuleak ematen dituelako, eta, nire ustez, dena ez da zilegi. Halere, pertsona hori pozik egongo da, Contador eraso egitera behartuta baitago.

Nik lana ondo egin izanaren sentsazioarekin bukatu dut, eta hala esan diet taldekide gazteei autobusean. Etapa oso urduria izan da, haizearen eraginez, errepide estuak... Eta gure liderra ondo zaindu dugu. Iazko Tourra haren aurretik bukatu zuten bi txirrindularirekin minutu bat baino gehiagoren aldea du. Hurkoaren zorigaitzak ez nau pozten, baina egun hauek hala dira, ez erortzea, eta ez galtzea da helburua. Lan horretan, gaur, taldeko ipurtandiak —begirunez diot, Bomm, Niermann eta besteak ez daitezela haserretu— ondo aritu dira. Halere, badakigu hau erruleta bat dela, eta gaur salbatu garen bezala beste edozein egunetan guri toka dakiguke zorigaitza.

Bitxikeria bat kontatuko dizuet, bukatze aldera: ni izan naiz sinadura kontrolean sinatu duen lehen txirrindularia. Normalean azkenetakoa izaten naiz, bada gaur [atzo] ez. Taldekide guztiak elkarrekin joan gara sinatzera, eta panela zuri-zuri zegoen. Boligraforik ere ez zegoen. Zorteak goiz ibiltzen dena laguntzen omen du, ea hala den.

Gaur, taldekako erlojupekoa, eta lan ona egingo dugula uste dut. Garaipenerako hautagai gara, ez dut uste irabazleekiko hamabost segundo baino gehiago galduko ditugunik. Nik sufrituko dut, baina ipurtandiak horretarako ere onak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.