Etxerako bidean gaude jada, eta gaitz erdi. Gaude diot, zoritxarrez Amets Txurruka taldekidearekin egin dudalako bidaia. Lepauztaia hautsi du, bosgarren aldiz, eta berari eskaini nahiko nioke gaurko zutabea. 09:00etan atera gara hoteletik; autoan joan gara Mulhousera, bertatik Munichera hegazkinez, eta handik Bilbora.
Taldekide bikaina da Amets, izugarri txirrindulari ona, eta lagun zoragarria. Laugarrenez jarraian utzi du Tourra erorketa baten eraginez, eta pentsa zer sentimendu sortuko dion horrek. Egia esan, oso-oso burumakur geunden atzo [herenegun], oso pattal. Ikustekoa zen aireportuan biok geneukan itxura. Lepotik behera benda handi bat jarrita biok; lepauztaiagatik berak eta ukalondoagatik nik. Elkarri begiratu eta barrez hasi gara; bi euskaldun gizajo ematen genuen, aireportuan galduta!
Bi maleta geneuzkan bakoitzak, eta hor ibili gara esku bakarrarekin bultzaka, aurrera egin ezinik. Ametsi sarritan esan diot barre egiteko gogoa neukala, negar ez egiteagatik. Pena da Tourra bezalako lasterketa bat horrela amaitzea, baina ez dago bueltarik. Ametsentzat zoritxarrez, hirugarrenez hautsi du lepauztaia Tourrean, eta beste bi aldiz ere hautsi du profesionaletan. Arlo horretan ere esperientzia handia dauka, zoritxarrez. Txoko honetatik besarkada handi bat, Amets, eta animorik beroenak zuretzat!
Loiutik ospitalera joan da zuzenean, eta oraintxe esango diote ebakuntza egin beharko dioten edo ez. Momentu bereziak izaten ari dira hauek, inoiz baino identifikatuago sentitzen naizelako berekin. Egoera berean gaude, eta espero dezagun orain arte bezala ebakuntzarik gabe osatu ahal izatea, Espainiako Vueltan biok indarberrituta egoteko. Ez litzateke seinale txarra izango. Zutabegileak gara biok, Gara-n bera eta BERRIAn ni, eta, pena bada ere, lasterketaren barrutik izan beharrean, etxetik kontatu beharko dizkizuegu gure istorioak.
Niri dagokidanez, bihar Bilbora joango naiz, igeltsua kendu eta zurden azterketa sakonagoa egiteko. Hor ikusiko dugu ebakuntza egin beharko didaten edo ez. Izango dugu elkarren berri.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik
Zuk ere eutsi goiari, Amets!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu