Hego Euskal Herrian sintonizatzen ditugun bi erakunde publikoen nolabaiteko eraisketaren testigu gara. Batetik, eta zeharo kezkatzen nauena, Eitb Euskadi Irratiko profesionalen berrantolaketa. Azken egunetan, kaleratzear direnen hainbat ahots eta izen ezagunen berri izan dugu. Ezagunak zaizkigunak ez dira, baina, erakundearen kudeaketa kaskarraren biktima bakarrak. Langile mordoa dago, bai irrati zein telebistan, M4F ahaztu gabe, bidegabekeria sarraskitzailea pairatzen. Dirudienez, gizatasunik ez da honetan guztian. Eta nora doa gizatasuna galtzen duen gizartea, automatismo prozesuetara ez bada?
Bestetik espainiarren telebista publikoa. Jakin dugunez, zenbait urteren ondoren korrespontsal ibilitako profesionalak —hamar baino gehiago kasu guztietan—, ordezkatu behar dituzte. Korrespontsalen aldaketa masiboa egingo du informatiboetako zuzendaritzak. Bestelako azalpenik gabe, soilik azpimarratuz ordezkoen balio profesionala. Agian, Senatuan Alfombra Roja-ren gainean galdetu beharrean, zer zuzendaritza mota izendatu den eztabaidan jarri beharko lukete.
Kazetaritza ez dago krisian. Kazetaritza kudeatzen duten enpresak bai. Ez bakarrik aurreko bi ereduetan ikusi legez, alde administratiboari dagokionez. Izan ere, garai garrantzitsua bizi du kazetaritzak; inoiz baino gehiago ari da jendea telebistari zein hedabideei, oro har, begira. Baina era berean, kazetarientzat lan baldintzak kaskarrak dira; gainera, bada borrokatu beharreko beste gudu bat, gizartearentzat arriskutsua den informazioa baloratzen dutenekin sortutakoa. Kazetariak manipulatzen du edo kazetaria manipulatu nahi da?
Kazetaritza ez da delitu. Giza Eskubidea da informazioa jaso, kudeatu eta komunikatzea. Eskubide zibil eta politikoen artean aitortuta eta araututa dago, ohore eta bizitza pribatuarekin batera bildutako atalean. Nazio Batuen Erakundearen sisteman, 19. artikuluan; eta Europako sisteman 10.1 eta 11. artikuluetan. Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteko lau kideen atxiloketaren berri ematen ari direnei, Iraitz Salegi burkideari gertatutakoa gertatu behar al zaie? Aski da.
Bitartean, jarrai dezagun barrez. Euskal herritarraren estereotipoa zena desitxuratzen ari garelako, maitasunarekin. Orain onak garelako, behintzat Allí abajo-n.
EKOGRAFIAK
Gizatasuna vs automatismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu