gorka julio
Komunikazioa. Irlen sarea

Joko aldaketa

2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Azken asteetan hiru albiste garrantzitsu egon dira: Twitterrek azaldu du estatuen legedien araberako kontrol neurriak jarriko dituztela. Googlek adierazi du bere zerbitzu guztietako baldintzak bateratu eta haien arteko loturak askoz ere estuagoak bihurtuko dituela. Eta Facebook burtsan sartu da. Interneteko handien panorama mugitzen hasi dela dirudi.

Hiru enpresa handi horien mugimenduak ez dira kasualitatea. Aurrera begira beren posizioak definitzeko, erabakiak hartzeko askatasun handiagoa izateko edota inbertsioak egiteko diru gehiago izateko ari dira lanean. Ez dakigu zer, baina zerbait handia prestatzen ari dira, eta gure datuen kontrol osoa nahi dute horretarako. Amaitu dira Don't be evil garaiak.

Twitterren kasua adibide moduan hartzen badugu, jendearen erreakzioa ikusita argi dago jendeak ez duela kontrolik nahi. Estatuen legediaren araberako kontrolak ezartzea ez du zertan bere horretan txarra izan. Orain arte, Twitterrek askotan egiten zuen hori, baina maila globalean egin behar zuen. Hau da, estatu bateko agintariek edo norbaitek horrela eskatuta eduki bat kentzera behartzen bazuten (legalki), globalki egin behar zuten. Orain jada ez du zertan horrela izan.

Baina, egon diren kasuak ikusita, estatuei loturiko legedia aplikatzeak, eskubide orokorragoen kontra badaude ere, eskubideen murrizketa bat ekarriko du. Adierazpen askatasuna adibide moduan hartuta, estatu baten adierazpen askatasunaren interpretazio hertsia dela-eta oinarrizko eskubide hori murriztua izan daiteke. Gurean gerta daitezkeen mila adibide etorriko zaizkizue burura, ziur nago.

Hiru enpresa handi horiek sarearen funtzioa bera ordezkatzen saiatu dira. Pertsonen arteko bitartekaritza lanak egin izan dituzte, baina hori lortu dutenean, beren bitartekaritza mantentzea erabaki dute. Kasu horietan, sarea ordezkatzea lortu duen horrek, bertatik igarotzen dena bideratzeko baino, kontrolatzeko joera izaten du. Horixe gertatzen ari da orain.

Horren aurrean, pertsonek berezko ditugun eta tamaina errealagoa duten zerbitzuak sor ditzakegu. Horrela egiten badugu, artifizialki sortutako munstro handi horiek arazoak izango dituzte. Nire lagunekin biltzeko, estadio batera joan beharrik izan gabe, taberna bat nahikoa izaten den bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.