Diskoak erosten zituzten horietakoa nintzen. Tamalez, pentsatuko du gure amak esaldia irakurritakoan. Lanik ez dudanetik, Euskal Herrian egindako diskoak eta lagunek argitaratuak baino ez ditut erosten. Lehen ordaintzen nituen aldez aurretik entzun gabeko diskoak. Orain lagun minenak baino ez ditut erosten itsu-itsuan.
Ez dut entzun udazkenean Euskal Herrian argitaratutako diskorik ia. Badakit musikaz diharduen zutabe batean horrelakoak esatea ez dela oso dotorea, baina hala da. Gogoan dut Interneten banda zabala izan baino lehenago, Fugazi, Minutemen, Husker Duri buruz irakurri bai, baina ez nuela haiek entzuteko aukerarik izaten. Hura deskribatzen zuten testuen arabera imajinatzen nuen haien musika. Orain antzeko zerbait gertatzen ari zait. Badira udazkenean gurean argitaratutako 10-15 disko a priori interesatzen zaizkidanak, baina gehienak ez ditut entzun. Bukatu zen diskoak aldez aurretik entzun gabe erosten nituen sasoia, eta Euskal Herrian gutxi dira beren disko osoak Interneten entzungarri jartzen dituzten taldeak. Harrigarria egiten zait, nazioartean ohikoa baita taldeek diskoak zerbitzari propio batean edo archive, bandcamp, soundcloud, eta abarretan jartzea. Harrigarriagoa egiten zait entzun nahiko nituzkeen talde horietako askok copyleft lizentziarekin argitaratu izana, copylefta ez baita industriaren gainbeherak zenbait talderi utzitako aukera bakarra, filosofia bat da, kultura eta industria ikusteko modu bat. Horrenbestez, diskoak lizentzia askearekin argitaratu badira, logikoa ikusten dut streaming bidez entzuteko edo deskargatzeko moduan jartzea. Bestek zintzilikatutako diskoen deskargak onartzea baino aukera hobea iruditzen zait. Horrela, taldea bera da musika konpartitzen duena; ez dio soilik entzuleari horretarako baimena ematen.
Nik, behintzat, gusturago erosten ditut diskoak musika aldez aurretik entzun badezaket, gustatzen bazait eta, gainera, taldearen filosofia konpartitzen badut.
Bi ahotsetara
'A posteriori'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu