Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Abeltzain eroak

2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Peaceable Kingdom (Jenny Stein, 2004) ikusteko aukera egongo da igande honetan Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Dokumentalaren helburua animalien eskubideak aldarrikatzea da, eta gainerako espezieei sufrimendua eragin beharrean beste era bateko harremanak sortzea posible dela helarazi. Estatu Batuetako ekintzaile batzuen kasua du hizpide, eta haien eginbeharra abereak erreskatatu eta sendatzea da. Harrigarria badirudi ere, abeltzain batzuek ere gauza bera egingo dute. Hainbat belaunalditako tradizioarekin hautsi dute euren sentimenduei jaramon egitearren, eta abereak akabatu beharrean horiek maitatzeko erabakia hartu dute. Kulturari eta logika kapitalistari aurre egiteko ausardia erakutsi dute, eta nagusiaren eta esklaboaren arteko dialektikaren zentzugabetasuna agerian utzi nahi izan dute. Biziaren aldeko borrokarekin bat egin dute. Bizitza honetan aukeratu beharra dago, eta heriotza hautatzea ezin daiteke zilegi izan. Abeltzain horiek, ordea, biziarekiko errespetua transmititu nahi dute, eta euren jarrerarekin publikoaren emozioetan eragiten. Horregatik ez da Earthlings (Shaun Monson, 2003) bezain gordina eta esplizitua, animaliak zoriontsu bizi diren lurraldea existitzen dela erakutsi nahi baitute. Milioika abere kontzentrazio esparru modukoetan bizi dira, eta jaiotzen diren unetik beretik hiltegira eramaten dituzten arte preso eta babes gabe daude. Enpresarien zuhurkeria dela eta, animaliak torturatzea zilegi den moduan, landetxe erraldoi horietan lan egiten dutenen eskubideak ere ez dira aintzat hartuko. Ezta kontsumitzaileenak ere. Hanburgerrak jateagatik hil diren umeen kasuen berri ematen digu Food, Inc. filmak (Robert Kenner, 2008). Gastuak murriztuz gero, enpresariaren poltsikoa soilik egongo da salbu. Naziek heriotzaren negozioa errentagarria zela demostratu zuten, eta bestea errespetatzen ikasten ez dugun bitartean, gauzak ez dira aldatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.