Medikua euskalduna da. Gizonezkoa. Askotan ez du bata zuria janzten. Janzten duenean lotu gabe darama, gustuko ez balu bezala. Familia medikua da. Badu halako despistatu ukitu bat. Betaurreko handiak sudurraren puntan. Arropak erantzi gabe, leporaino igota, aoskultatzen du gaixoa, eta hari galdetzen dio zer egingo duen, baja hartuko duen, botikarik nahi al duen. Lasai bizitzeko, garbi jateko, mendira joateko. Sekula ez zaitu orduan hartuko, bota gutxienez hogei minutuko atzerapena. Ez da, ezin da, Osakidetzak pazienteko ematen dizkion zazpi minututan kabitu.
Medikua erdalduna da. Gizonezkoa. Bata zuria darama soinean. Lotuta. Mediku espezialista da. Adeitsua, adeitsua bada. Zarpailetik zerbait du, handia da, baldarra, baina era berean delikatua. Betaurreko lodiak daramatza. Eskua ematen dizu kontsultan sartzean eta irtetean. Bere izena esan, zeurea galdetu. Arropa kentzeko eskatzen dizu aoskulta zaitzan. Hurrengorako ikertuko dut gehiago zure patologia, esaten dizu. Esplikazio guztiak ematen dizkizu. Folio zuri bat hartu eta marrazten hasten da, gorputz barreneko organo eta zatiak zirriborratuz. Nik honaino dakit. Egin dizkizun froga guztien emaitzak ematen dizkizu.
Medikua euskalduna da. Baina kontu garrantzitsuak erdaraz esaten ditu. Emakumezkoa. Bata zuria darama. Betaurrekoak ditu. Medikuntza txinatarra praktikatzen du. Fitoterapia. Ez du aoskultatzen. Atzamarretan bioerresonantziak eginez aztertzen du gorputza eta haren eskasiak. Botika eta aholku mordoxka ematen ditu.
Medikua erdi-erdalduna da. Badaki baina kostata hitz egiten du erdaraz, eta kostata ulertzen zaio, bere azentura ohitu arte behintzat. Gizonezkoa da. Mediko oso onaren fama du. Siriarra. Belztaka. Musulmana behar du. Dotorea, bere erara: gorbata berde-laranja bizia, traje marroi-txuri arrasto duna, urrezko erloju eta eraztun. Bizarra du. Bata zuria jantzia du baina lotu gabe. Arropak kenduta aoskultatzen zaitu. Baina begiak itxita, edo lurrera begira. Ez du esplikaziorik batere ematen. Hau horrela eta horrela da. Zu ez kezkatu, zu lasai. Goi medikuntza dela, ez duzula ulertuko. Uzteko dena bere eskutan. Egiteko agindutakoa. Ez dizu paper bat bakarra ematen.
Medikua erdalduna da. Gizonezkoa. Eskiatzen ibili dela nabarmen du azal belztu eta begi zulo zurietan. Hura etorri aurretik, praktiketako medikuak gaixoari kamisoi bat janzteko eskatu dio aoskultazioa egiteko: arroparen azpitik, kasik haragirik ukitu gabe, jarri dio endoskopioa. Medikua sartu denean, gaixoa ohetxoan dago eserita. Medikua parean eseri eta eskuak izterretan jarri dizkio, kamisoiaren pean. Umetxo bati bezala. Edo. Zer moduz zaude. Medikuntza pribatuaren hurbiltasun eta atentzio pertsonalizatua. Gutxien gutxienez katoliko praktikantea behar du medikuak, eta opusekoa izatea normalena.
Foucault ez zen medikua, filosofo eta antropologoa baizik. Idatzia utzi zuen medikuntzak ez duela kanpo eremurik. Alegia, ez dagoela ezer medikuntzatik kanpo. Izan medikuntza publiko, pribatu, laiko, opusdeiko, konbentzional, edo alternatibo. Beti da medikuntza. Eta medikuntza beti da kontrolerako sistema bat, gaixotasunaren kontrolak gorputzaren kontrola dakarrelako, eta honek gorputz horren moralarena eta horrekin gizartearen kontrola dator. Bioboterea, Foucaulten hitzetan. Eta poliziak uniformea nola medikuak bata zuria janzten du bere autoritatea adierazteko, izan ere arau sozialak gorde araztea baita bere lanaren parte. Hizkuntzen espazioak zedarritzen dira, adibidez; gorputzaren zainketa agindu bihurtzen da, demagun; gorputz biluziaren tabua iraun arazten da, esate batera; gorputzaren gaineko autoritatea medikuari dagokiola argi geratzen da, kasu; emakumearen gorputzaren gaineko begirada eta autoritatea gizonarena dela esan gabe esaten da, hala nola; erlijioaren begirada erabiltzen da, konparazio batera. Kontsulta batean arau, tabu eta gatazka sozial eta politikoa guztiak antzezten dira.
Katuajeak
Aoskultazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu