Hala irakurri diot Kenneth Goldsmith poetari. Izenburu horrekin defini litekeela Internetek kultura eskuratzeko eskaintzen dituen ahalbideengatik sortu den egoera. Ehiztariak garela erraten du Ubuweb abangoardiako artearen artxibo digitalaren sortzaileak. Presa zein den askorik inporta gabe ehizatzea gustuko dugun izaki asegaitzak. Sareak eragin digun pentsamolde aldaketaren ondorioz, garrantzitsuago bihurtu zaigu zerbait lortzeko akzioa zerbait hori baino, kontsumoaren inbertsio efektua gauzatuz. Memoria digitaletan pila genitzakeen filmoteka, liburutegi eta diskotekak osatzeak sortzen digun stress/plazer sentsazio horrek bultzaturik, bi edo hiru bizitzatarakoa gordetzen dugu obsesiboki.
Berez, gaiztakeria pixar batez erran behar bada ere, kultura kontsumitzea ez da txarra. Jakina, kultura zer den eta kontsumoa zer den eztabaidatzen has gaitezke. Baina bukaerarik gabeko zurrunbilo dialektikoetan sartu baino lehen, erran dezagun kultura gehiegikeriaz edo gaindosiz hil edo gaixotu denik ez dugula ezagutu (oraindik). Egia da kultura modu bakarrean ulertzearen ondorioz hil duenik izan dela, eta hil dituztenak ere, zoritxarrez, gehiegi. Baina horrek gehiago du pentsamolde bakarretik kulturaletik baino.
Ukaezina da sarearen eskuragarritasun horrek kultura ulertzeko modua erremediorik gabe aldatu duela. Pilatzean diskoak edo liburuak —digitalak izan arren— bihurtu ditugula musika edo literatura baino garrantzitsuago. Baina ez dira horregatik desagertuko. Musikaren testuingurua, beharbada bai. Musikaren jatorria, historia, arrazoiak, erranahiak, bai. Musika ez, ordea.
Eta badira gaindosi horri irtenbide interesgarriak aurrikusten dizkietenak ere: Simon Reynolds kazetariak iraganak museo izateari utziko dion eguna erreibindikatzen du. Iraganekoa nostalgiarik eta miresmen itsurik gabe berrerabiltzeko gai garenean konektatuko da berriz musika (eta diskoak) pantailatik at dagoen munduarekin.
Bi ahotsetara
Ardoa baino botila nahiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu