Ismael Manterola
Artea. Begiz

Argazki bilera

2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Aspalditik dabil Zarauzko Photomuseum argazkien bilerak antolatzen. Aste Santurako lagatzen dutenez, gutxitan izan dut ikusteko aukera; aurten, zorionez, lau erakusketetatik hiru ikusi ditut.

XIX. ekitaldia denez, zaila da ulertzea zergatik ez duen oihartzun handiagoa, Photomuseumek berak bezala. Euskal Herriko argazkilaritzaren inguruko museorik interesgarriena jende gutxik ezagutzen du, edo niri behintzat hala iruditzen zait.

Zarautzek beti izan du argazkilaritzaren inguruko zaletasun handia. Inguruko herrietan bizi izan garenok argazkilarien talde bizia ezagutu dugu urtetan, eta kultur etxeetan laborategiak ohikoak izan baino lehen, Zarauzko argazkilarien elkarteak azpiegitura ederra zuen zaleentzat.

Horren ondorioa izan da Photomuseuma eta inguruan antolatzen diren hitzaldi, erakusketa, bilera, eta abar. Nahiz eta erakundeek eraikuntza eskaini edo babesle publiko eta pribatuak izan, inplikazio handiagoa faltan sumatzen dut.

Aurten, gainera, Argazkien bilera antolatzeko orduan, badirudi diru murrizketak izan dituztela, aurreko urteetan, erakusketez gainera, ekintza osagarriak ere antolatu direlako eta aurten lau erakusketa besterik ez dagoelako (ez dira gutxi, hala ere!).

Erakusketa xume eta maila handikoak dira. Ez dira ikusgarritasuna eskaintzen dutenak edo antolatzeko garestiak, baina interes berezia duten horietakoak direla uste dut. Osagarriak dira, gainera, argazkilaritzaren hainbat alderdi eta garai erakusten dituztelako.

Sanz Enea Kultur Etxeko aretoetan Jose Regueira argazkilari espainiarraren XX. mendearen lehendabiziko hiru hamarkadetako ikuspegi panoramikoak jarri dituzte. Kanpoko artista baten lana aurkeztu dute Luzea Dorrea izeneko aretoan. Adrian Tyler Londresen jaiotako baina Madrilen bizi den argazkilariaren lana proiektu zabal batean kokatzen da. Oso ezberdina da Zazpi Galerian erakutsitako Euskal Herria goitik behera izeneko erakusketa. Santiago Yaniz argazkilari bilbotarrak airetik ikusitako Euskal Herriko paisaiak erakutsi ditu, eta emaitza berezia eta ederra osatu du. Azkenik, Photomuseumen, ikusi ez dudan Sergio Saezen erakusketan, argazkia eta pintura lotzeko aukera eskaintzen omen da.

Argazki bilerako antolatzaileek ahalegin handia egin dute gaur egun argazkigintzak dituen joerak eta interesak erakusteko, pena da emakumeek argazkigintzan duten indarraren islarik ez azaltzea. Ez naiz parekidetasunik eskatzen ari, benetan gaur egun argazkigintzan ez delako behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.