Jon Eskisabel.
Ilaran

Berriro jendartean

2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Demagun italiar bat Euskal Herrira etorri dela egun batzuk pasatzera, eta larunbata Bilbon ematea erabaki duela. Goizean Guggenheimera derrigorrezko bisita egin eta Egon Schieleren margolanek liluratuta atera ostean, arratsalderako plana zehazten ari da inguruko taberna batean bazkaltzen duen bitartean. Tokian tokiko prentsa irakurtzea gustatzen zaio eta interesa sortu dion film polemiko baten berri izan du aurreko egunetan. Irakurri du Espainiako Gobernuak jazarri egin diola filmari terrorismoaren apologia egiten duelakoan —bost presori buruzko dokumentala baita—, haren emanaldiak debekatzen saiatu dela, filma diruz laguntzeagatik koalizio politiko bat legez kanpo uzteko mehatxua egin zuela, eta pelikularen egileek kopia bat Auzitegi Nazionaleko fiskalaren esku utzi behar izan dutela. Sinesgaitza iruditu zaio irakurritakoa —horrelakoak Iranen eta antzeko herrialdeetan bakarrik gertatzen zirela uste zuen, inoiz ez Europan—, eta jakina, filma ikusteko gogoa piztu dio. Hortaz, ez du zalantzarik egin eguneko berripaperean ikusi duenean egun horretan bertan estreinatzen dutela filma, hainbat arazo gainditu ostean, non eta Bilbon.

Ikusi du filma, inolako aurreiritzirik gabe, eta une batez zalantza egin du liskarra eta polemika ez ote den pelikulako zuzendariek ikusleak erakartzeko asmatutako amarrua izan. Ezin du bestela ulertu zer delitu egiten duen gazte erakunde bateko kidea izateagatik atxilotua izateko zain dagoen neska baten inguruko elkartasuna eta haren azken askatasun orduak jasotzen dituen pelikula batek; zergatik den gizartearentzat arriskutsua kartzelan 18 urte igaro ostean kaleko eta etxeko bizitzara egokitzeko prozesuaz mintzo den preso ohiaren testigantza ezagutzea; nola egiten duen terrorismoaren apologia 22 urtez ikusi gabe igaro ondoren preso dagoen lagun minarekiko adiskidantzari berriz heldu nahi dion zuzendariak. Alderantziz, filmak azaltzen dituen hainbat injustizia eta delitu (egunkarien itxierak, torturak…) osasun demokratikoagatik ahalik eta gehien ezagutzera eman beharrekoak direla iruditu zaio, eta bereziki mingarria egin zaio espetxe erakundeen zein botere judizialaren ankerkeria bikoitza pairatzen ari den presoaren kasua, kartzelan bularreko minbiziaren aurkako tratamendu egokia ukatua izateaz gain, espetxetik atera behar zuen egunean zigorra beste zortzi urtez luzatu ziotela jakin zuenarena.

Alderdi estetikotik ausardia handiagoaren falta antzeman badu ere, oso pelikula txukuna iruditu zaio. Hala ere, bost lanetatik Jon Ugarte preso ohiari eta Mikel Antza ETAko buruzagiari eskainitako atalak nabarmenduko lituzke. Lehenengoaren gertutasuna azpimarratuko luke, kameraren aurrean natural jokatzeko eta preso politiko ohi bati gutxitan galdetzen zaizkion kontuez —emazteaz maitemindu zenekoaz edota kartzelan zela jaiotako seme-alabekin dituen harremanez— umorez hitz egiteko Ugarteren gaitasunak eta jarrerak harekiko enpatia sortu dio.

Mikel Antzari buruzkoa, berriz, intimoena iruditu zaio, lagun minarekiko adiskidantza berreskuratzeko bidaia baita zuzendariak, Eneko Olasagastik, egin duena. Zuzendariak istorioa eratzeko primerako baliabideak izan ditu: ziega barruko irudiak, Antza eta Marixol Iparragirre neskalaguna atxilotu zituzten baserrikoak, baserria alokatu zietenen testigantzak, Antzak berak filmerako idatzitako Istripua ipuina… Emaitza borobila iruditu zaio, eta aretotik irten eta gero ere ezin du Antzak gutunetako batean idatzitako esaldia burutik kendu: «Ba al dakik zer sentitu diadan hirea irakurtzean? Adiskide batek idatzi dit kartzelatik ateratzea proposatuz. Ikaratu egin naiz, neure burua hain aspaldian utzi nuen jendartean berriro ere irudikatzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.