Donostiako 60. Zinemaldia. Basquewood
Cozar, ez nazazu utzi!
Euskarazko film pare batean gertatu zait interpretazioan Barbara Goenaga inguruko aktoreak baino koska bat gorago zegoela sentitzea. Zinemaldiko hasiera ekitaldian aurkezle lanetan aritu zen gazteak erraz liluratzen du kamera. Bere tokian, ez hain nabarmen, ondo, baina besteengandik gailendu gabe agertu zaigu Bypass komedia biribilean. Horren arrazoietako bat Sara izenekoa da, Cozar abizenekoa. Filmaren klimax modukoan, neska protagonistak Jacques Brelen Ne me quitte pas kantatzen dio Gorka Otxoari. Eta mutila mozolo (pinto) aurpegiarekin gelditzen da... Agian, hor senti dezake euskal ikusleak izar berri baten jaiotzaren aurrean gaudela. Nahiz eta badituen Ordizian jaiotako aktore horrek filmean beste eszena zailago eta dramatikoago batzuk, frantsesez bera kantatzen entzutean konturatzen da bat ez duela pantailatik desagertzerik nahi. Izar bat ez da gau batean sortzen, jakina. Antzerkian makina bat lan egindakoa da Arraldeko Mimi. Iker Galartza eta Joseba Usabiagarekin batera, esate baterako, Hil arte bizi tragikomedian adiskidetasunaren mugekin egiten du jolas. Asteartean aurreratu zigunez, bestalde, Ados taldearekin El hijo de la novia Juan Jose Campanellaren film bikainaren egokitzapena prestatuko du urte amaieran. Filmaren graziaren erdiarekin ere konformatuko ginateke. Batean eta bestean lanean, argi dago Cozar hazten ari den aktorea dela. Eta Patxo Telleria eta Aitor Mazoren esanetara, zineman orain arteko bere onena eman du Bypass-en (rol txikiak izan zituen Kutsidazu bidea, Ixabel eta Izarren argia filmetan). Bide batez, aipatzekoa da Mazok berak egiten duen antzezpena paregabea dela, mediku bananduaren rolean. Aktore guztiei esker, Gorka Otxoaz zer esan dagoeneko, primeran funtzionatzen du Patxo Telleriaren gidoiak. La máquina de pintar nubes erdipurdikoaren aldean, Bypass-ek baditu osagai askoz gozoagoak ikusleak bereganatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu