urtzi urkizu
Donostiako 60. Zinemaldia. Basquewood

Droga gabe, atsedenik ez

2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Oliver Stoneren Savages hutsalean, goi mailako kalamua landatzen dute protagonistek. Javier Rebolloren El muerto y ser feliz harrikadan, Jose Sacristanek morfina hartzen du batetik eta kalitate eskaseko kokaina bestetik: paco-a. Errusiak debekatu duen Klip serbiarrean, ez zaizkie drogak falta istorioko gazteei. Zuloak indartsuan, aldiz, ez dago drogarik. Baina ez lan horretan, ezta azken hamarkadako euskal ekoizpen gehienetan ere. Esan dezagun euskal agenda zinematografikotik drogen kontsumoa desagertu egin dela. Gizarteko esparru gehienetan bezala, ezkutuan gelditzen edo gordetzen dela. Ez zen hori beti horrela izan euskal ekoizpenetan. Egunotan, Ana Diez zinemagile nafarraren liburu bat argitaratu dute Hego Euskal Herriko bi filmotekak. Eta zuzendariaren Ander eta Yul oroitzea besterik ez dago, ikusteko Euskal Herrian drogek ageriko beste presentzia bat zutela. Montxo Armendarizen 27 horas da 80ko hamarkadako beste adibide esanguratsu bat. Egungo euskal filmeen artean, berriz, nekez topa daiteke drogen erreferentziarik, nahiz eta gure herri eta hirietan drogak egon badauden. Drogatzat jotzen ez diren mendekotasun batzuek ere eman dezakete gidoiren baterako, igandean Koldo Almandozek aipatzen zituen sare sozialekiko morrontza esate baterako. Umore ukituarekin, Karra Elejaldek 2000. urtean zuzendu zuen Año Mariano hartatik ez dut beste kolokoirik gogoratzen euskal ekoizpenetan.

Ez-fikziozko dokumental baterako eman dezakeena Stoneri buruz irakurri dudana da: Donostia Saria jaso berri duen zinemagileak kokaina hartzen pasatzen zuen eguna The Doors filmaren grabaketan, eta horregatik ez zuen lortu musika taldearen esentzia behar bezala jasotzea. Hitzak The Doorseko teklista Ray Manzarekenak dira, Jot Downaldizkarian jasoak. Aznarrena esatean Stone osorik eta sano egongo zen, baina Savages-en amaiera egitean beste bidaia batean sartuta zebilela esango nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.