BERRIAko atal hau irakurtzen duen irakurleak badaki oraingo honetan Mikel Hernandez Abaituari erantzutea dagokidala. Joan den asteko Hirudia-n egozten zidan ia ezer ulertu ez izana, baina uste dut, Hirudia-ren irakurleak bezala, argi antzeman dudala Abaituaren testuaren mezua (eta mezuak). Elkar ulertzeko bidea ez digute hiztegiek eskainiko, bikainak izanik ere. Harrigarria egin zait bere burua idazletzat duen norbaitek jokatzea jakingo ez balu bezala hitzek, adierazteaz gain, iradoki ere egiten dutela. Horregatik, Cassanyk dioen moduan, beharrezkoa dugu irakurketa kritikoa, lerroen atzean beti baitago joera, ideologia edo interesen bat. Eta irakurketa kritikoa da manipulaziotik babesten gaituen bide bakarra.
Eta, hain zuzen ere, manipulazioan kokatzen dut Hernandez Abaituaren baieztapena esatean probokatzaile izateko ez nuela «gai egokiena aukeratu, jende gehiegiren sufrimendua dagoelako jokoan». Izan ere, ulertzen dut biktimen sufrimenduaz ari dela, eta ez da hori nik gai gisa hartu nuena, idazlearen objektibotasunaren utopia baizik. Azken batean, adierazten nuen idazten dugun orotan dagoela ideologia bat. Baina batzuek ez dute onartzen haien egiak baduela zerbait egia-tik, baina baita haien-etik ere; denon egia bilakatu nahi dute, eta hartara makurtzen ez garenok isilarazten saiatzen dira, sentiberatasun falta, eta fribolo izatea leporatuta.
Aurrekoan, Hernandez Abaituak zioen historia idatzi behar dela, gatazkaz gehiago idatzi behar dela. Baina, diskurtso nagusiarekin bat egiten ez duenak akusazio berak entzungo dituelakoan nago: «errealitate ikaragarri horretaz ari garenean jarrera ideologikoei buruzko xehetasuntxoak bilatzen ibiltzea biktimekiko sentiberatasun falta handia da, eta fribolitate hutsa». Eta horretaz ari garelarik, har dezagun martxoaren 25ean Hernandez Abaituak idatzitako artikuluaren pasarte hau: «...munduan zehar gure literaturaz noizbait benetan arduratuko badira, gurea kontatzeagatik izango da, eta gai guztien artean euskal gatazkak sortuko du jakin-min handiena ia ziur». Nola uler daiteke norbaitek esatea jarrera friboloa dela dioenarena diskurtso orok gordetzen duela ideologia bat, eta pertsona berak aldarrikatzea sufrimenduaz idatzi behar dela, besteak beste, kanpokoen jakin-mina asetzeko eta euskal literatura «unibertsal» egiteko?
Bidenabar, euskararekiko nahiz literaturarekiko ezjakintasuna leporatu dizkit bere idazkien ideologia azaleratzearren. Ez dut uste merezi duenik horretan gehiegi luzatzea, eta literaturari dagokionera mugatuko naiz. Inoiz ez dut esan euskal literaturak eta unibertsalak elkar ukatzen dutenik, baizik eta ez zaidala iruditzen euskal literaturaren helburua «munduan zehar» izan daitekeen jakin-minari erantzutea izan behar denik. Bestalde, gomendatuko nioke Abaituari birpasatzea azkenaldian idatzi dena euskal literaturaz, literatura unibertsalaz eta euskal idazleek irakurle unibertsalarentzat idazteaz.
Bukatzeko, Hernandez Abaituak hitzen garrantzia gutxietsi nahi badu ere, niri erantzunez idatzitako izenburuan bertan ageri da Biziaren alde leloa, iradokiz izenburu horri jarraitzen zaion testuarekin bat egiten ez duenak ez duela biziarekiko errespeturik. Horrez gain, testuan zehar berriro aipatzen dizkigu bataren alaba eta bestearen semetxoa ETAk hildakoen artean. Aldiz, torturapean hildako preso hura ez dirudi inoren semea edo alaba zenik, ez eta inoren bikotekidea ere. Edo, beste hark ez ote zuen alaba edo semetxo-rik? Horiek ere detaile inozenteak ote dira, fribolitate hutsa?
Literatura. Hirudia
Egia: gatazka ororen lehenengo biktima
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu