Ismael Manterola
Artea. Begiz

Elena Asins

2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Donostiako Koldo Mitxelenak Elena Asins artista madrildarraren azken lanak aurkeztu ditu. Ez da udako erakusketa izango, ez da uda garaian antolatzen diren erakusketa arin eta denbora-pasa horietakoak. Aldiz, artearekin konpromiso zorrotza duen emakume baten erakusketa da.

Zuri-beltzean oinarritutako erakusketan sotoetako freskura sumatuko dugu, eta buruari eragiteko behar den lasaitasuna topatuko dugu. Asinsek menhirren denborara eramango gaitu, eta handik gure garaiko denbora eta espazioaren gaineko hausnarketa berria egitera. Matematikaren eta geometriaren zorroztasuna dira Elena Asinsen lanerako tresna ezinbestekoak. Serie edo progresio matematikoak materia, gogorra batzuetan eta biguna besteetan, baldintzatzen du. Horrek denbora eta espazioa bat egiten ditu, Errenazimentutik hasitako bideari jarraituta, baina baita XX. mendearen bigarren erdialdean hasitako ikerketei bidea zabalduta ere.

Historiaurreko monumentu megalitikoen ereduari jarraitzea ez da berria gure artean. Oteizak berak euskal cromlecha aurkitu zuenean, aspalditik bila zebilena Neolitoko gizakiak lortu zuela konturatu zen, eta horrek XX. mendeko arte garaikideari ziklo bat ixteko aukera emango ziola uste zuen.

Elena Asinsen kasua ere antzekoa da. Hasierara bueltatzea izan daiteke arte garaikidearen aukera, urteetan gizakiak garatu duen arteari amaiera emateko. Menhirraren edo iruinarriaren irudia oso erakargarria da Azpirotzen bizi den artistarentzat, forma luze eta tente huts batek osotasuna azal dezakeelako. Ez da gehiagorik behar, elementuaren errepikapen seriatuak eta eraldatuak munduarekin izan dezakegun harremana antola dezake.

Koldo Mitxelenan dauden areto ilunetan inpresio izugarria egiten dute pantailetan dauden forma geometrikoen arteko harremanek eta paper zuri gaineko serigrafia beltzek. Azken horiek niretzat ezagunak baziren ere, areto oso bat betetzen ikusteak artelan ezberdin baten aurrean jarri ninduten. Bideoek, bestalde, aukera ematen diote artistari espazioari buruzko ikerketa denboran sartzeko; horrek Gorka Aldaren musikarekin batera emaitza oso interesgarria lortzen du. Irudi digitalaren erabilpena hainbeste zabaldu den garaian, ezin dugu ahaztu Elena Asins lehenetarikoa izan zela Espainian ordenagailua erabiltzen Madrilgo Centro de Calculo delakoan.

Horrekin batera, Elena Asinsek Albert Einstenen aipamena azpimarratzeak harritu nau. Esaldiak hala dio: «Nire ustez, baliabideen perfekzioa eta helburuen nahasmendua dira gure garaiaren ezaugarririk behinenak». Gaur egun edozer gauza egin daiteke, jakin gabe zertarako; horixe erakusketa honek botatzen digun hausnarketarako gaia, nahiz eta erakusketak berak alderantzizkoa egiaztatu, hau da, helburuak argi izanez gero gauza gutxirekin edo sinpleekin nahikoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.