Ismael Manterola
Artea. Begiz

Eremuak (II)

2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Aurreko asteko artikuluaren gaiarekin jarraituz, aztertu egingo ditugu Eremuak izeneko egitasmoaren barruan Artiumen antolatutako mintegian jasotako irudipenak.

Aurreko artikuluan esan nuen zenbait gauza kritikatzeko modukoak zirela esperientzia txalogarri horren barruan. Horietako bat: iruditzen zait eztabaidarako utzitako tartea txikia izan zela. Mahai inguruen ohiko oker bat izaten da hizlari gehiegiri denbora gehiegi ematea; horrek eztabaidarako tarterik ez du lagatzen, eta, agian, hara joan ginenok eztabaida espero genuen edo nahi genuen beste zerbaiten gainetik.

Hurrengorako, lan mahaiak antolatzeko era malgu eta ezberdin bat prestatzeko iradoki nahi diot Eremuak-eko komisioari.

Azkenean, bi egun joan zitzaizkigun kanpotik ekarritako jendearen esperientzien eta bertako proiektuen aurkezpenen artean , eta entzuleen parte hartzea mugatu samarra izan zen. Nire ustez, egokiagoa izango litzateke mahaietan parte hartu zuen jendea murriztea eta eztabaidarako denbora gehiago egotea, nahiz eta interesgarria den kanpotik etorritako jendearen esperientziak ezagutzea.

Bestalde, parte hartzeari buruz, alde pertsonaletik esan behar dut Eremuak-eko komisioa oso urrutikoa egin zitzaidala, batez ere hizkuntzaren aldetik. Ez dakit oso ondo nola azaldu, baina ia ezinezkoa egin zitzaidan euskara erabiltzea eztabaidan parte hartzeko, nahiz eta legezkoa den itzulpena bazegoen. Esan nahi dudana da era afektibo batean komisioa bera arrotza egin zitzaidala, eta, salbuespenak salbuespen, euskararen presentzia ia anekdotikoa izan zela bi egunetan —eskerrik asko, Oier eta Miren—. Egunon eta arratsalde on esatea hainbeste kostatzen al da?

Baina ez zen hori bakarrik; esan behar dut Eremuak izeneko komisioa oso arrotza egin zaidala, oro har. Arraroa egin zitzaidan hemen lan egiten dugun askok bi pertsona besterik ez ezagutzea komisioko sei lagunen artean. Kanpoko jendea egotea ezinbestekoa iruditzen zait, baina, agian, bertakoen artean, jatorri askotariko artisten falta sumatu nuen.

Hala ere, ulergarria da egitasmo berri hori egokitzapen prozesuan egotea, baita oraindik esperimentutzat har dezakegun politika egiteko modua ere. Gauza asko daude zehazteko, baina ez dirudi bide okerrean doazenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.