Mikel Martinezek L-KM Larria, Kutsakorra, Mendebaldekoa bakarrizketa aurkeztu zuen joan den astean, bi egunez, Donostian. Duela urte eta erdi estreinatu zuen obra hori, baina artean Gipuzkoako hiriburuan eman gabe zuen. Harrigarria iruditu zait datua, Maskarada taldeko kide ohiaren ibilbidea eta bakarrizketetan eskaini ohi duen kalitate bermea kontuan hartuta. Azken honetan ere bere antzezpena nabarmentzekoa da —hiru pertsonaiaren gorpuzteak txandakatzen ditu, naturaltasun handiz— eta testuari berari gailentzen zaiola uste dut.
Neuk, beste askok bezala, beste bakarrizketa batekin ezagutu nuen Martinez, Kontrabajua gogoangarriarekin, duela hogei urte pasatxo. Iñigo Aranbarri idazleak atal bat eskaini zion Gure mendea kronika liburuan, ez baita alferrik gehien taularatu den euskarazko antzezlana. 1987ko azaroan estreinatu zen Bilboko Arriaga antzokian eta ondoren, komunikabideetako kritika on eta ahoz aho zabaldutako laudorioei esker, beste 349 aldiz antzeztu zuen Martinezek Patrick Suskind-en literatur lan ezaguna (testua euskaraz argitaratu zuen Susak 1988an).
Hortaz, laster 25 urte beteko dira estreinatu zenetik, baina esango nuke oraindik ere jendeak gehien oroitzen duen antzezlanetako bat dela Kontrabajua, askotan, nire kasuan bezala, gordetakoa oroitzapen lauso bat besterik ez bada ere. Beraz, gustura ikusiko nuke berriz obra, eta poztuko nintzateke urtemugaren aitzakiaz baliatuz eta Henry Bengoa Inventarium-en berragerpenak izandako harrera onaren uberatik jarraituz, hura berriz taularatzeko ekimena martxan jarriko balu norbaitek.
Zailena, sumatzen dut, Mikel Martinez horretara animatzea litzateke. Baditu ezezkoa emateko pisuzko arrazoiak. Gutxienez, bi. Baga, hainbat urteren buruan testuari berriz heltzeko nagia edo gogo falta. Biga, badu lanik, lan freskoa, lan berria: L-KM-z gain, Lingua nabajorum, Patxo Telleria eta Jokin Oregirekin landutako obra berria antzezten hasiko da bihartik aurrera.
Bilboko Kafe Antzokian egingo dute Lingua nabajorum-en estreinaldia, baina joan den ostiralean aurrestreinaldi bat egin zuten Soraluzen, Oregiren jaioterrian. Hark idatzi eta zuzendutako azken lanak sarien bidez izaten ari diren harrera ona —Alabatxo-rekin Gijongo FETEN jaialdiko sari nagusia eraman zuen, eta berriki euskarazko testu onenaren Espainiako Max saria eman diote, hain zuzen L-KM lanarengatik—, ez da oharkabean pasa Udalarentzat, eta aitortza moduan jaietako txupinazoa botatzeko proposamena egin dio. Oregik, esker ona adierazteko, zuzendu duen azken obra inon baino lehenago ikusteko aukera eman zien herrikideei, eta hauek aretoa bete eta sekulako gozatua hartu zuten.
Berriz ere euskaraz eta euskararen —eta euskaldunon, noski— kontura barrez lehertzeko obra egin baitute Telleriak eta Martinezek. Dibertimenduak sailaren laugarren alea da Lingua nabajorum. Euskaldunberriak ziren Euskara sencilloaren manifiestoa-ren protagonistak, sexua eta hizkuntzaren arteko harremana zuten hizpide Larru haizetara-n, eta supereuskalduna sortzeko formula asmatu zuten Euskarazetamol-en. Oraingoan, euskararen beraren historia kontatzeari heldu diote, eta «Edan eta Epa» sortu zirenetik gaur egunera arte aurrera egin badu euskaldunok liskar eta borrokarako dugun joerari esker izan delako teoria «txoroa» garatu dute hainbat esketx barregarriren bidez. Garai historiko zehatzetan —erromatarren etorrera, oinaztarren eta ganboatarraren arteko banderizoak, Bergarako besarkada, Espainiako gerra…— txertatu dituzte euskararekin loturiko hainbat gai —ergatiboa, nor-nori-nork aditz paradigma, euskara batua, garbizaletasuna, sintaxia…—, eta zenbait eszena gogoangarri sortu dituzte, Orreagako borrokari buruzko erromantzearena, kasu.
Aurreko lanetan bezala, elkarrizketen eta ahots jokoen txinpartan datza Telleria eta Martinezen umorea, baina Lingua nabajorum-en Monty Python-etik inoiz baino gertuago daude bi aktoreak.
Ilaran
Euskaraz eta euskararen kontura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu