Literaturan tortura nola eta nondik kontatu idazle batek baino gehiagok bere buruari egin dion galdera da. Banalidadean erori gabe, panfleto bat egin gabe. Kontatu al lezake literaturak tortura torturatuak eta torturatzaileak zer sentitu zer egin zer esan zer begiratu ze gogoetatu duten azaldu gabe? Nola egin, zeri heldu, zein aldamio baliatu? Isaac Rosa idazleak El vano ayer nobelan bere trepetak irakurleari zuzenean kontatzen dizkio. Eta honela dio halako batean: «Indefiniziotik abiatu gaitezke, protagonista mahai baten gainean larrugorritan eta ahoa bozatuta etzan arazten duten unean abandonatuz».Eta hortik aurrera torturaren protokolo bat azaldu, gaineratzen du, eta irakurlearen ezagutzaren eta gogoaren esku utzi hezur hautsien zarata, odol bilduen beroa edo itolarriaren sentsazioa irudikatzea. Baina ezetz dio. «Torturaz hitz egin nahi badugu, irakurlea jakitun izan dadin nahi badugu, beharrezko da xehetasunak ematea, esplizitatzea, foku indartsuak piztu eta ez-irakurtzea baino beste irtenbiderik ez uztea, dela hamabost orrialde kolpean pasatzea edo liburua ixtea». Eta ondoren, hamabost orrialdeetan zehar xehetasun osoz kontatzen du tortura. Bere fikzio lanaren aldamioak, urrats zuzen eta ustelak, eta bidezidorrak, irakurlearen begien aurrean jartzen ditu.
Antzera egiten du Laurent Binet frantziarrak berriki kaleratu duen bere lehen eleberrian. Hala jakinarazi dit lagunak. Eta egia da. Rosak bezala, edo areago. HhhH izeneko liburuan Gestapoko buru Reinhard Heydrich hartu du protagonista, eta bere burua Reich-aren zabortegiko arduradun nagusi gisa definitzen zuen gizonaren bizipenak kontatzen ditu nazismoaren historiaren markoan. Binetek hasiera hasieratik jartzen ditu kartak ahozgora. Eta gertatua, gertaera lazgarrienak tartean, fikzio moduan kontatzeko dituen ezintasunak esan egiten dizkio irakurleari. «Kontatu dudan eszena sinesgarria da baina erabat fikziozkoa. Lotsatzekoa da orain hainbeste urte hildako gizon bat txotxongilo baten moduan tratatzea, bere burua defendatu ezin duela. Tea edanaraztea kafea baino ez zitzaionean gustatzen. Bi beroki jantzi araztea beharbada bakarra zuenean. Autobus bat hartaraztea trena hartu zezakeenean. Edo gauez joan zela esatea eta ez goizez. Lotsa ematen dit», idazten du idazleak. Kontaketaren kontaketa.
Lagunak esan zidan Harkaitz Canoren liburuan Soto eta Zeberio izenen lekuan Lasa eta Zabala irakurtzen badituzu, beste bat dela kontakizunaren karga, istoriotik historiara jauzi egiten duzula. Eta halaxe irakurtzen dituzu, izenak pertsonaiak eta eszenak fikziozkoak izanagatik. Eta Rodrigo Mesa eta Vargas tenisean jokatzen ari direnean, Rodriguez Galindo eta Dorado Villalobos ikusten dituzu galtza motzetan. Eta tortura eszenetan, eta bahitu eta torturatutako bi gazteek azken tiroa jasotzen duteneko kontakizunean gu bezain haragizko diren edo izan diren pertsonen aurpegiak dituzu begien aurrean. Fikzioa darabil Canok egia kontatzeko, eta fikzio horrek uzten dio gezurra esanez benetan gertatua kontatzen.
Eta, kontu hauekin genbiltzala, atzo Wislawa Szymborska hil zen, tortura poema batera makurtzen asmatu zuen poeta. Iaz poema horren irakurraldi bat zabaldu zen bideoz gurean. Poema irakurtzeko egokiagoak izan zitezkeen beste poeta batzuk, agian, deklamazioa menperatzen duten errezitatzaileak edo sentimenduak komunikatzen ikasiak diren antzerkilariak, beharbada. Baina ez. «Bazter hauetan barrena doan arima erratua ezkutatu egiten da, itzuli hurbildu edo urrundu egiten da, bere buruaz arrotz beti harrapagaitz, noiz seguru noiz bere buruaz etsita. Baina gorputza ordea, gorputza bada, da da da, eta egia esan, ez dauka non», amaitzen da poema, eta gorputzak ez dauka non sosegu atseden babes bakerik hartu horrek, Szymborskaren non horrek berez duen egitasun osoa torturatuen ahotsean hartzen du gorputz.
Katuajeak
Ez dauka non
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu